INFO

7 Katu gaztetxearen irudia «zikintzea» leporatu diote EITBri

Salatu dutenez, urtarrilaren 14ean Solokoetxe auzoan gertatutako bortxaketa baten inguruko informazioa ematerakoan 7 Katu gaztetxearen fatxada agertu izanda EITBk emandako albisteetan eta gune autogestionatuaren «irudia zikintzeko» egin izana leporatu diote komunikabideari.

7 katu gaztetxeko kideen agerraldia.

Urtarrila bukaeran 7 Katu gaztetxearen 10. urteurren jendetsua ospatu dute Bilboko Alde Zaharrean. Jasotako babesarekin pozik eta harro egon arren, azken asteetan EITB gaztetxearen irudia «zikintzen» saiatu dela salatu dute.

Agerraldi batean azaldutakoaren arabera, urtarrilaren 14ean Solokoetxe auzoan neska batek salatutako bortxaketa baten inguruko informazioa ematerakoan EITB-k gaztetxearen fatxadaren irudiak erabili izan ditu.

EAJren «manipulaziorako tresna» izatea leporatu diote EITB komunikabideari eta alderdi honek etengabe egin izan duela udaletxetik «espazio alternatiboen aurka, espazio antikapitalisten aurka eta espazio feministen aurka» salatu dute. «Baina oraingoa jokaldi bereziki zikina da. Bortxaketa bat euren politiken mesedetarako erabiltzeak ezin hobeto deskribatzen du euren izaera interesatu eta zekena», gaineratu dute gaztetxeko kideek oharrean.

«Are mingarriagoa izan da gertakari hau, 10. urteurrenaren ospakizunen baitan lanketa feminista berezia aurrera eraman dugulako, ondo baitakigu jai giroan erasoak biderkatu egiten direla. Era berean, azpimarragarria da 7katu gaztetxearen presentziak, auzoari eta bereziki puntu beltza zen Solokoetxeko eskailerei eskaini dien bizitasunak 10 urte hauetan ingurua askoz ere seguruagoa bihurtu duela. Hortaz, argi izan ez zaituztegula utziko 7 katu zikintzen eta edozein erasoren aurrean erantzuteko prest egongo garela», nabarmendu dute.