INFO

Alderdi guztiek izango dute ordezkaritza Gogora Institutuaren zuzendaritzan

Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartu du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko legea aldatzeko proposamena, entitateko Zuzendaritza Kontseiluan Parlamentuan dauden alderdi guztiek ordezkaritza izan dezaten.

Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezekin. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

EAJ, PSE eta PPk bultzatutako ekimena aho batez onartu du Legebiltzarrak, Gogora-ren Zuzendaritza Kontseiluak euskal jendartearen «aniztasun eta borondatearen» isla izan dadin.

Izan ere, entitate hura sortzeko legeak zehazten zuen zuzendaritzan Legebiltzarrak lau ordezkari izan behar dituela eta, hortaz, legealdi honetan ganberan dauden bost alderdietako (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE, eta PP) bat kanpo gelditzen zen.

Proposamena urgentziaz eta irakurketa bakarreko prozeduraz tramitatu da Legebiltzarrean.

Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak onartu du alderdi guztien ordezkaritzarik gabe aipatu organoa «herren» gelditzen zela eta, horregatik, «parte-hartze pluralaren» aldekoa dela azpimarratu du.

EH Bilduren izenean, Julen Arzuagak nabarmendu du alderdi guztien adostasuna, foro horretan «errespetuz eta ikuspegi global batekin» lan egiteko alderdien konpromisoa islatzen duela iritzita.

Pili Zabala (Elkarrekin Podemos) ere pozik agertu da legearen aldaketarekin, «hautetsontzietatik atera zen errealitate politiko berria» islatuko delako.

PSEko Jose Antonio Pastorrek esan du bere alderdiaren nahia dela inor ez dadila Gogora Institutuaren zuzendaritzatik kanpo gelditu.

Carmelo Barrio (PP) legebiltzarkideak defendatu du diru publikoarekin funtzionatzen duten entitate guztietako zuzendaritzetan alderdi guztiak ordezkatuta egotea.