INFO

Donostiako Kontxa Europako hondartzarik onena da, ‘Tripadvisor’ webgunearen arabera

‘Tripadvisor’ bidaien webguneko erabiltzaileek Donostiako Kontxa jo dute Europako hondartzarik onena. Mundu mailan, seigarren postuan ageri da.

Kontxako hondartza, iazko uztailean ateratako argazki batean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

‘Tripadvisor’ bidaien webgune ezagunak munduko hondartzarik onenen ‘Travellers' Choice’ zerrendaren berri eman du.

Azken 12 hilabeteotan jasotako komentarioen kopuru eta kalitatearen arabera egin da hondartzen sailkapena.

Munduko sailkapenaren posturik gorenean Brasilgo Baia do Sancho hondartza jarri dute. Donostiako Kontxa Europako onena jo dute, eta mundu mailan, seigarren postuan ageri da.

Webgune berezituak azpimarratu duenez, Donostiaren «sinboloa» da Kontxako hondartza, aukera desberdinak eskaintzen dituena: igeri egin, pasieran ibili edo ur-kirol desberdinak praktikatu.

‘Tripadvisor’-eko erabiltzaileen arabera, Kontxara joatekoatan, komeni da itzalkina eraman eta argazki-kamera ez ahaztea.