INFO

Marka berria hautsi du Lilatoiak berdintasunera bidean

4.801 emakume abiatu dira igande goiz honetan Lilatoiak dituen 5 kilometroak korrikan osatzera. Ohi bezala, aldarrikapena eta festa uztartu ditu ekimenak eta ez dira falta izan indarkeria matxistaren aurkako, emakumeen eskubideen aldeko edota Sara Majarenasen askatasunaren aldeko oihuak.

Ia 5.000 emakumek hartu dute parte Lilatoian. (@GipuzkoaKirolak)

Este navegador no soporta el elemento video.


Markak hausten jarraitzen du Lilatoiak berdintasunera bidean. Dortsala eskuratu zuten 5.700 emakumeen artean 4.801 izan dira lasterketak dituen 5 kilometroak egitera abiatu direnak.

Izaro Rubio ordiziarra izan da aurtengo edizioko irabazlea, 2014an lortu garaipena errepikatuz. Azpimarratzekoa, baina, lasterketan zehar izan den giro ona da. Jendetza batu da Donostian lasterketa ikusteko, eguraldiak mehatxu egiten bazuen ere.

Ugari izan dira indarkeria matxistaren aurka entzun diren oihuak, baita emakumeen eskubideen aldekoak edota Sara Majarenas eta Izar elkarrekin eta kalean eskatzen zutenak.

Lasterketa hasi aurretik Verdini dantza taldea osatzen duten gazteek eginiko emanaldiak hartu dute protagonismoa.

Izan da sustorik ere lasterketan zehar, 40 urteko emakume batek osasun zerbitzuen laguntza eskatu behar izan baitu. Zorionez, baina, ez da kontua gehiagora joan.