INFO

IKUSPEGI FEMINISTA GATAZKA ARMATU ETA BAKE PROZESUETAN

LAU EGUNEKO FORUM FEMINISTA EGITEN ARI DIRA BRUSELAN, EUROPAKO PARLAMENTUKO GUE/NGL TALDE EZKERTIARRAK ANTOLATUTA. GATAZKA ARMATUETAN ZEIN BAKE PROZESUETAN EMAKUMEEK DUTEN PARTE HARTZEA AZTERTU DUTE KOLONBIA, KURDISTAN, SIRIA, IRLANDA, SAHARA ZEIN EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEK.


Zer paper jokatu dute emakumeek munduko gatazka armatuetan eta hauen konponbidean? Aztertu al dira prozesu horiek ikuspegi feministatik? Galdera horiei erantzun diete europar Parlamentuan elkartu diren hainbat herrialdetako emakumeek. Euskal Herritik, EH Bilduko legebiltzarkide Oihana Etxebarrietak hartu du hitza eta behar horixe jarri du mahai gainean: gatazka politiko eta armatu guztiak ikuspegi feministatik lantzea. Aipatu du, botere harreman hainbat daudela gure jendartearen oinarrian eta gatazketan hauek polarizatu egiten direla, horrela maskulinitate eta feminitate hegemonikoak nagusituz. Alegia, gizon gudari ausart eta publikoa nagusitzen da batetik, eta etxearen zein familiaren zaintza pribatuaz arduratzen den emakumea bestetik. Dikotomia honek imajinario kutsatua sortu duela iritzita, galdera bota du airera: nork eutsi dio borrokari? Eta segidan, ezinbestekotzat jo du intimo eta pribatutzat jotzen den zaintzari garrantzi politikoa ematea.

Genero rol horiek hautsi dituzten emakumeak asko direla ere ekarri du gogora. «Estatuek gure kide gizonek baino askoz ere lehenago ulertu dute hori», gaineratuz. Eta adibidetzat jarri du tortura sexistak edota espetxeak emakumeei ezartzen dien zapalkuntza bikoitza. Bi erronka ikusten ditu gatazka politikoaren konponbidean: emakumeen eta bereziki feministen parte hartzea bake prozesuetan eta emakumeen ikusgarritasuna, memoria historikoan, esaterako. Gatazkaren konponbidean gure herrian gertatzen ari diren bi ekimen ere nabarmendu nahi izan ditu, biak oinarri sozialetik martxan jarritakoak: Foro Soziala eta Emagune.

Nazioartetik ere bai

Kolonbiako FARC gerrillako komandante eta Habanako negoziazioetan parte hartu duen Victoria Sandino Palmera zen gonbidatu nagusietako bat. Honek ere baimenak tarteko ezin izan du bertaratu eta bideokonferentziaz helarazi du mezua. Argi esan du, Habanako akordioan erdietsitakoa bermatzea ez ezik, garrantzitsua izango dela genero ikuspegia, horren alde hainbeste borrokatu eta gero, Kolonbiako jendartean ere ezartzea. Entzuleen artetik hitza hartuz, EH Bilduko Diana Urreak nabarmendu du Kolonbia eredu dela, «emakumeen gorputzak zeharkatu dituen indarkeria zutabe dutelako». Gogora ekarri behar da, genero azpibatzorde bat ezarri zutela bake negoziazioetan, horrela, lehen aldiz emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideak aitortuz.

Saharako emakumeen ikuspegia Euskal Herritik bertaratutako Garazi Hach Embarek Irizarrek eman du, saharar herrian emakumeak zutabe direla aipatuz. Kurdistandik HDP alderdiko turkiar parlamentuko kide Tugba Hezerek nabarmendu du, emakume kurduen borroka faxismoaren aurkakoa dela, aitzindaria. Ezinbestekotzat jo du, hauen borroka ezagutzea, Erdoganen gobernuak existentzia bera ukatu nahi baitie.

Siriako emakumeen koalizioko lehendakariaren izenean Lama Kannoutek emakume siriarrak bi gaitzen artean kokatu ditu, Al Assaden gobernuaren jazarpenaren eta Estatu Islamikoaren erdian. Hitz gogorrak izan ditu presidentearen aurka. Azaldu du erregimenari leialak zaizkion emakume hainbat goi karguetan ezarri dituela, horrela, munduaren aurrean itxura atsegina emanez, baina aldiz, erregimenak feministak gogor kolpatuz jarraitzen duela.

Sinn Fein alderdiko Jennifer McCanek helburu bat nabarmendu du: bakearen alde egin duten bezala berdintasunaren alde egitea orain.