INFO

Euskara ikastea doakoa izan dadin eskaera egin du EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan

Euskara ikasteko laguntzen sistema «anabasa» dela ikusita, diru-laguntzen sistema «bateratua, unibertsala eta berdintasunezkoa» ezartzeko eskatu du koalizio abertzaleak Gasteizko Legebiltzarrean. 

Rebeka Ubera, EH Bilduko legebiltzarkidea. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk legez besteko proposamena erregistratu du Gasteizko Parlamentuan «euskalgintzaren aldarrikapen historiko batekin» bat eginez: euskara ikastea (C1 mailara arte) doakoa izateko urratsak eman ditzala eskatu dio Gobernuari.

«EAJ eta PSEri hitzetatik ekintzetara pasatzeko gonbidapena da, ez gehiago eta ez gutxiago, euren gobernu akordioa jasota baitago B2 mailara arte doakoa izatea», azpimarratu du Rebeka Ubera legebiltzarkide abertzaleak.

Uberaren esanetan, «anabasa» da euskara ikasteko laguntzen sistema. «Administrazioaren diru-laguntzaren kopurua, jasotzeko baldintzak eta moldalitateak tokiz toki eta erakundez erakunde aldatzen direla esan daiteke okertzeko arrisku handirik gabe. Halaber, sistema ez da justua ezta unibertsala ere. Herritar jakin batek eskura dezakeen diru-laguntza bizi den udalerriaren menpe dagoelako besteak beste askotxo baitira euskara ikasteko languntzarik beren herritarrei ematen ez dieten udalak», adierazten du Uberak bere idatzian.

EH Bilduk adierazi duenez, «herritar guztiek euskara ikasteko aukera berdintasuna izan dezaten, ezinbestekoa da diru-laguntzen sistema bateratua, unibertsala eta berdintasunezkoa antolatzea».