Eskoziak Europan jarraitu nahi du: zergatik? Eta zer aukera ditu horretarako?
Bere borondatearen aurka utzi beharko du Eskoziak Europar Batasuna, gehiengo britainiarrak hala erabakita. Baina zergatik nahiko lukete bada eskoziarrek Batasunean jarraitu? Eta zer bide jorratu behar dute horretarako? Europako gaietan aditua den Myrto Tsakatika Glasgowko Unibertsitateko irakasleak jarri dio argia eztabaidari.
Iragan ekainaren 23an britainiarrek Europar Batasuna (EB) uztearen aldeko hautua egin izanak soka luzea ekarri du Britainia Handiko politikagintzan. Hautsak harrotu ditu, nolabait esateko, eta erreferendumaren aurretik guztiz itxiak ziruditen eztabaidak berpiztu ditu; horietako bat da Eskoziaren prozesu independentistarena. Nahiz ez egon zuzenean lotua afera europarrari, herrialdeko lehen ministro den Nicola Sturgeonen mugimendu taktiko batek eragin du eskoziarren nahi independentistak bultzada berri bat jasotzea.
Eskoziako prozesu independentistaz hitz egiteak, baina, berarekin dakar EBren inguruan eztabaidatzea. 2014ko independentzia erreferendumean gai izarren artean kokatu zen pertenentziarena, eta lehengo lepotik du burua eztabaida berrituak. Aldaketa batzuk izan dira, ordea, aipatu argumentuaren erabileran: 2014ko ariketan independentziaren aurkakoek egin zuten bere argumentua, eta, aldiz, orain independentziaren aldekoak dira berau zukutzeraino erabiltzearen aldekoak. Eskozia eta EB, barruan ala kanpoan.
Ondorioak Londres eta Bruselan
Glasgowko Unibertsitatean Europako gaiei lotutako irakaslea da Myrto Tsakatika greziarra. Batasunaren inguruko gaietan da aditua, eta badaki zerbait Eskoziako politikagintzaz ere; ez da alferrik bizi herrialdean azken hamar urteotan. GAUR8ri bere bulegoko ateak ireki eta Brexitaz, Britainia Handia eta Europaz, eta Eskoziaren independentzia prozesuaz hitz egin dugu berarekin, zabal eta sakon. «Europarzalea» dela dio berak, baina inork baino hobeto ezagutzen ditu EBren miseriak ere; greziarra izateaz gain, Syrizarentzako hainbat kolaborazio egin ditu. Aipatu alderdiarekin izandako harremana, baina, gaur egun amaitutzat duela dio. Beste baterako utziko ditugu arrazoiak.
Ideiak oso garbi dauzka Tsakatikak Brexitaz ari garenean. Ziur agertzen da honek eragin negatiboa izango duela Britainia Handiarentzat, arloz arlo eragina ezberdina izango dela onartzen duen arren: «Lehenik eta behin, garbi utzi nahiko nuke britainiarrek hartutako erabakia erabaki demokratikoa dela. Orain, ez dut zalantzarik erabakia britainiarrentzat txarra izango dela: kolpatuak izango dira euren merkataritza harremanak, are gehiago Donald Trumpen Ameriketako Estatu Batuengana gerturatzen badira; lan arloan okerrera egin dezake egoerak; eta eremu unibertsitarioak ere nabarituko du eragina, ikasleen %30 Europako gainerako herrialdeetatik baitator egun». Baina uste du, adibidez, nekazaritza politika bateratzearen ondorioz kaltetua izan zela Britainia Handia. Beraz, argi dauka ezberdina izango dela eragina esparruaren arabera, nahiz orokorrean abantaila baino desabantaila gisa hartzen duen britainiarren erabakia.
Kontu horiek baino gehiago, EB uztearen aldeko botoaren atzean egon zenak kezkatzen du Tsakatika. Boto hori «tribala» izan zela dio, eta ez «aurrerakoia», izan ere, «subiranotasunaren alderdi atzerakoienak gidatu zuen. Britainiar inperioaren garaiko –jarraitu du– pentsamoldean oinarritzen zen; Europatik kanpo baina Commonwealth-etik gertu».
Ondorioak, baina, beste aldearentzat ere utziko ditu Brexitak, EBrentzat kasu honetan. Brexita EBren «desintegrazioaren hasiera» dela esaten da, baina ez du uste Tsakatikak horrelakorik jazoko denik. Bereizi egiten ditu Brexita eta Batasunak dituen arazo estrukturalak, eskuin muturreko jarreren ondorio direnak bereziki. «Eskuin muturreko nazionalismoa da uneotan Europaren mehatxurik handiena, Brexita baino gehiago. Europa bera immigrazioaren aurrean hartzen ari den jarrera da mehatxua, austeritate politikak dira mehatxu, herrien arteko elkartasun falta da mehatxu», dio. Argi dauka, baina, eskuin muturreko alderdiak beraiek direla Brexitari etekina atera nahi diotenak, «baita Trump bera ere. Baina afera ezberdina dela esango nuke». UKIP alderdi ultraeskuindar eta britainiar nazionalistaren adibidea jarri du horretarako, eta honek Britainia Handian duen indar politikoa ez dela hainbesterainokoa nabarmendu du, nahiz aitortzen duen Brexitaren prozesuan eragin zuzen eta ukaezina izan zuela.
Negoziaketak begi bistan
Theresa May lehen ministro britainiarraren esanei kasu eginez gero, hilabete honen amaiera baino lehenago hasi beharko lukete Londres eta Bruselaren arteko negoziazioek, Edinburgok tentuz jarraituko dituenak. Izan ere, eskoziarren gehiengoak (%62k, hain zuzen) EBren baitan jarraitzearen alde egin zuen. Bloke komunitarioan jarraitzeko nahiak eta honek prozesu independentistarekin duen gertutasunak lehenengo mailako gertaera politikoaren mailara igotzen dituzte Eskozian negoziazioak.
Eskoziarren botoari erreparatuta, Tsakatikak dio zenbait azterketen ondorioa dela eskoziarrak ez direla zertan ingelesak edo galestarrak baino europazaleagoak. SNP eta herrialdeko ordezkari goren Sturgeonen eskua ikusten du aipatu botoaren atzean, beste ezer baino gehiago. «Alderdiek eta bertako ordezkariek paper berezia jokatu zuten Brexitaren erreferendumean. Eskozian, esaterako, SNPrena da ahots nagusia eta honek permanentziaren aldeko jarrerara gidatu zuen bere hautesleria. Horri gehitu behar zaio Sturgeonek egin zuen mugimendu taktikoa, erreferendumaren balizko emaitza prozesu independentistaren berrabiatze bati lotuz. Hein batean, SNPrena gehiago izan zen mugimendu taktikoa benetako jarrera europazale bat baino», azaldu du. Baieztapen hori egiteko gogora ekarri du SNPren Europaren aurkako jarrera historikoa, 70eko hamarkadan lehen aldiz integrazioaren inguruko erreferenduma egin zenean agerian geratu zena. «‘Eskozia independente bat EBren baitan’ da euren egungo leloa. Horregatik jarrera aldaketa», azaldu du.
Negoziazioen harira, bi elementu daude tentuz aztertzeko: bata litzateke Londres eta Bruselak negoziatzen dutenaren edukia, eta bestea Edinburgok bertatik jasoko lukeen alea (zerbait jasoko balu). Lehenari buruz, Tsakatikak dio May bera izan dela, Brexit gogorraren alde egingo duela esanez, negoziatzen hasi aurretik hainbat elementu oparitu dituena. Bestea litzateke EBn bizi diren britainiarren egoera, eta alderantziz. Horien inguruan uste du «zailak» izango direla negoziazioak, baina iruditzen zaio modu bateratuan ari direla jokatzen EBko herriak. «Bada beste kontu bat esan behar dena, eta da britainiarrek ez daukatela esperientziarik gisa honetako negoziazioetan. Ikusi besterik ez dago Brexitarekin lanean ari diren departamenduen egoera; ez dute aztarnarik ere zertan ari diren, ez daude egin behar dutena aurrera eramateko prestatuta. Uste dut oraino ez direla Brexitaren ondorioen kontziente; arazo handiak aurreikusten dizkiet», gaineratu du.
Eskoziaren balizko akordio berezituaren inguruan, ez du uste halakorik izango denik. «Zergatik onartu beharko luke EBk Eskoziarekin akordio berezitu bat egitea?», galdetzen du, «eta zergatik Britainia Handiak halako zerbait bilatu? Gobernu britainiarraren azalean jartzen bagara, zergatik ez luke bada eskoziarren ostean Galesek antzeko aldarrikapenik egingo? Edo Londresek berak? Ez dut uste Mayren Gobernuak halako biderik zabalduko duenik». Baina badu formularik Eskoziak Europarekin dituen harremanei jarraipena emateko: independentzia.
Aukera bakarra, independentzia?
Ez bada akordio bereziturik Eskoziarentzat, zer alternatiba ditu herrialdeak? Tsakatikak argi du erantzuna: «Independentzia da Eskozia EBri lotuta jarraitzeko aukera bakarra». Baina zergatik nahiko luke bada Eskoziak bloke komunitarioarekin harremanetan jarraitu? Hona Europako gaietarako adituak ematen dituen arrazoi batzuk: «Britainia Handiarentzat ona den bezala da ona Eskoziarentzat EBko kide izatea, are gehiago nazio txiki bat dela kontuan hartuta. Adibidez, Ingalaterrak baino migrazio gehiago behar du Eskoziak, eta talentua ere etor liteke Europatik. Merkataritzari dagokionez, bestalde, Ingalaterra baino mendekoagoa da Eskozia Europarekiko».
EBra itzultzeko, beraz, independentzia behar, eta horretarako lehenengo erreferenduma deitu eta irabazi behar. Tsakatikak argi dauka datozen urteotan bigarren independentzia erreferenduma egingo dela Eskozian: «Zaila da aurreikustea, baina baietz esango nuke; hori da sentitzen dudana. Oso urte mugituak izango dira datozenak eta gauza asko alda daitezke denbora gutxian». Erreferenduma 2018rako edo 2019rako aurreikusten du, baina baditu zalantza batzuk ere horren inguruan: «Esango nuke Sturgeonek nahiago izango lukeela independentziaren aukera herritarren %60k babestuko balu erreferenduma deitzen duenerako. Baina hori ez da horrela, gaur-gaurkoz behintzat. Hala ere, badira bi talde epe laburrean konbentzi daitezkeenak: Eskozian bizi eta bozkatzeko aukera duten europarrak eta lehen erreferendumean EBren baitan jarraitzeagatik ezezkoaren alde bozkatu zutenak». Hala ere, ohartarazten du hau ez dela matematika, eta alde guztietan daudela EBren baitan jarraitzearen eta erakundea uztearen aldekoak: «Bi aldeak nahiko banatuta daudela esango nuke, lau talde osatuz».
Horregatik agertzen da Tsakatika azkenaldian indarra hartzen ari den joera baten aurka, hots, independentzia zuzenean EBren pertenentziarekin lotzen duen joeraren aurka. Bi gauza ezberdin direla uste du, eta, ondorioz, bi erabaki ezberdin direla defendatzen du: «Lehenengo Eskozia herrialde independente bilakatzea da nire helburua, eta ondoren erabaki dezatela EBren parte izan nahi duten edo ez». Uste du, gainerako herria orok bezala, Eskoziak ere bloke komunitarioan sartzeko bere eskaria egin beharko duela, nahiz ez duen uste bere helburua lortzeko arazo handiegirik izango lukeenik: «Zerikusi zuzena izango du Britainia Handiaren jarrerak erreferendumarekiko, baina ez dut uste hauek ados badira Espainia bezalako herrialde batek oztopatuko lukeenik Eskoziaren integrazioa».
Britainia Handiak EB utzita, eta Eskoziak pertenentzia lortuz gero, herrialdeak onura ugari jasoko lituzkeela uste du Tsakatikak: Eskoziara mugituko lirateke enpresak, ikasleak, zientzialariak, ikertzaileak, kapitala... Beraz, eta SNPren leloa bere eginez, EBren baitako Eskozia independente baten alde da Tsakatika. Nahiago du, herrialdea independentea bada, hau bloke komunitarioan integratuta egotea: «Nazio txikiek, euren autonomia duten neurrian, hobeto egiten dute unitate handiagotan. Batasunak, gainera, nork bere kasa izango lituzkeen baino baliabide gehiago errazten ditu».