INFO

Herri akusazioko eragileek «positiboki» baloratu dute Kutxabank auziaren epaia

Herri akusazioa osatzen duten eragileek positiboki baloratu due Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alcortaren aurka Kutxabank auzian emandako epaia. Epailearen ebazpenak «herri akusazioak orain arte egindako salaketei forma juridikoa eman diela» azpimarratu dute.

Herri akusazioa osatu duten eragileen agerraldia. (LAB)

Bilbon egindako agerraldi batean, Kutxabank auzian herri akusazioan aritu diren eragileek (LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, HIRU, Pentsionistak Martxan eta EKA-OCUV) begi onez hartu dute Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alcorta zigortzen dituen epaia.

Azpimarratu dutenez, «argi eta garbi» gelditu da akusatuak «bidegabeko jabetzearen delituaren errudun direla, Kutxabanken funtsak erabili dituztela entitatearentzat ez zuzenean ez zeharka lanik egin ez zuen pertsona bati soldata ordaintzeko».

Ardura utzi zuen politikari bat izate hutsagatik egin zitzaizkion ordainketak Cabiecesi, nabarmendu dutenez.

Zentzu horretan, adierazi dute «berriro ere» egiaztatu dela delituek «bultzada politikoa» izan zutela. «Mario Fernandezen deklarazioen arabera, esangura politiko handiko pertsonek Cabiecesi soldata ordaintzeko bideak aurkitzeko beharra adierazi zioten», azaldu dute.

Bereziki salatu nahi izan dute bidegabeko jabetze delituak kutxen pribatizazioaren testuinguruan gertatu zirela. «Pribatizazioa oinarri bat izan da gauza hauek gertatu ahal izateko», salatu dute.

Epaiarekin poztu egin diren arren, «bultzatzaile politikoek aurpegia eman dezatela eta behingoz estrategia negargarri honi amaiera ematea» exijitzen jarraituko dutela ohartarazi dute.