Hollanderen esku, Haranburu eta Esnalen zigorrak aldatzea
Bizi osoko espetxe-zigorrak kommutatzeko eskumena duen ordezkari bakarra Estatu frantseseko presidentea denez, zuzenean François Hollanderengana jo du Ipar Euskal Herriko hautetsi eta abokatu ezagunez osatutako talde batek, Xistor Haranburu eta Jakes Esnal presoen biziarteko kartzela-zigorra 30 urteko espetxealdira muga dezaten.
Hautetsi talde esanguratsu bat bildu zen martxoaren 14an Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetarekin, haren bidez, François Hollande presidenteari eskakizun zehatz bat galdegiteko; Jakes Esnal eta Frederik Haranburu Xistor euskal presoei ezarri zitzaien bizi osorako zigorren kommutazioa.
Battitta Salaberry izan zen hitza hartzen lehena, atzo Baionan egin zuten prentsaurrekoan. Aieteko Konferentziaren ostean mahai gainean askatu beharreko bi korapilo nagusi daudela adierazi zuen, alegia, «armak eta pertsonak».
Armen afera, «ordezkari politiko eta norbanakoek erantzukizuna hartu ostean, amaitzear denean, pertsonen auzia ere konponbidean jartzeko ordua» dela nabarmendu zuen Hendaiako auzapez ohiak, eta hor ere, «gizarte zibilak eragin» beharko duela erantsi zuen.
Paul Badiola Donibane Lohizuneko alkate ohiak, ostera, egungo panorama politikoan bake nahiak hartu duen dimentsioa gogorarazi eta bi euskal presoen zigorra aldatzeko eskaera testuinguru horretan kokatu behar dela eman zuen aditzera.
Zentzu horretan, «Errepublikako presidenteak bakearen alde dagoela frogatzeko aukera paregabea» duela sinetsita, kasu honetan «Hollandek gizatasuna erakutsiko balu, esperantzarako argi izpi bat» piztuko litzatekeela gaineratu zuen Badiolak.
Zergatik Hollande?
«Bizi osorako zigorra kommutatzeko eskumena duen pertsona bakarra presidentea da», azaldu zuen Maritxu Paulus-Basurko abokatuak, zehaztapen bat egin aitzin: «Behin presidenteak zigor aldaketaren eskaerari baiezkoarekin erantzunez gero, berriz ere justiziaren eskuetan geratzen da auzia».
Hollanderi helarazi dioten eskaeraren helburua «bizi osoko zigorrari muga jartzea da». Finean, Estatu espainolean egindako ekintzengatik han jasoko zuketen 30 urteko zigorra aplikatzea eskatzen dute.
Puntu honetan ere ñabardura bat egin nahi izan zuen abokatuak: «Ordezpen eskaera onartuko balitz, bi presoek ez lukete askatasuna segidan eskuratuko (...) Izan ere, biziarteko zigorraz gain, gaizkile taldea osatzeagatik 10 urteko beste espetxe zigorra daukate». Ondorioz, zigor aldaketa lortuz gero, espetxealdi maximoa 40 urtera mugatu eta zigor murrizketak aplikatzeko aukera irekiko litzaieke.
Ion eta Unai Parot
Ion Parotek jada bost bider egin duen baldintzapeko askatasun eskaerari eutsi nahi dio, oraingo honetan baiezkoa lor dezakeelakoan, eta horregatik ez du ekimen honetan parte hartu.
Ekintza berberengatik Estatu espainolean epaitu zuten Unai Paroten kasua ere argitu zuen Paulus-Basurkok: «Jaso zuen epaiarekin 30 urte egin beharko lituzke kartzelan, baina espetxean zela hamaika urteko zigorra erantsi zioten erakunde armatuarekin lotzen zuen gutun batengatik».
Halako gai sentsible batek eremu desberdinetan sor ditzakeen erreakzioak direla-eta, eskutitzaren sinatzaileek azpimarratu nahi izan zuten egiten duten eskakizunarekin, «inondik inora ez dutela inor mintzeko asmorik eta biktimekiko errespetu osoa» adierazi zuten.
Mertxe Colinak, Bake Bidea mugimenduko kideak, berriz, gogoeta edo gomita bat egin zuen atzoko prentsaurrekoari amaiera eman aitzin: «Behin betiko bake iraunkor bat eraikitzeko sortu den dinamika itxaropentsu honetan, umilki, baina indarrez, bihur gaitezen gu ere bake egile».