Denboraren egokitasuna, aitzakia ala arazo?
Timing-a, hots, unearen egokitasuna bilakatu da Eskoziako bigarren independentzia erreferendumaren inguruan hitz egitean eztabaidagai nagusia. «Orain ez», dio Gobernu britainiarrak, etorkizuneko denbora batean eskoziarrei independentziaren inguruan bigarrenez galdetzearen aukerari ateak irekita utziz.
2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean deitu nahi ditu herritarrak hautetsontzietara Gobernu eskoziarrak, eta horrek badu bere logika. Izan ere, ordurako, gaur bertan ofizialki abiatuko diren Brexitaren negoziazioak tunelaren amaierako argia ikusteko moduan izango dira, eta, ondorioz, britainiarrek –tartean eskoziarrek– datorkienaren inguruan ideia bat egiteko modua izango dute. Bada, agertoki horretan nahi ditu jarri hautetsontziak SNPk, herritarrek bi aukera garbiren artean hauta dezaten: Brexitaren osteko Britainia Handia edo Eskozia independentea.
Bilera egin zuten astelehenean Theresa May lehen ministro britainiarrak eta bere homologo Nicola Sturgeon eskoziarrak Glasgown. Hala, azken aukera bat izan zuen Mayk Brexitaren negoziazioak abiatu aurretik SNPrentzat gustagarri izan daitekeen proposamen bat egiteko, ahalegin independentista berritua jorratzeko biderik gabe utziz bide batez. Horren ordez, baina, unionismo merkeenaren alde egitea erabaki zuen, Sturgeon nazio britainiarraren eraikuntzan bere alea jartzera gonbidatuz.
Horrekin, erakutsi zuen ez duela inolako asmorik Eskoziako Gobernuaren nahi europarrari bide emateko, SNPri arrazoi bat gehiago emanez ekinbide independentista berrituarekin jarraitzeko. Unionismoaren aldeko kanpaina egiteko baliatu zuen zita Mayk, lehenago edo geroago eskoziarrek euren etorkizunaren inguruan bigarrenez erabaki beharko dutela onartuz nolabait. Timing-a, beraz, bataila euren aldera eramateko baliatzen duten aitzakia bat baino ez da, eurak baitira erreferendum berriari begira kanpaina egiten hasi diren lehenak.