INFO

Lau kontinentetara iritsiko da Korrikaren oinkaden oihartzuna

Nazioartekoa da Korrika. Munduan zeharreko hamaika txokotara iritsiko da aurtengo edizioan ere euskararen aldeko aldarria, han eta hemen lanean ari diren euskaltzaleen bultzadari esker. Tokian toki, baina, forma eta helburu ezberdinak izango dituzte antolatutako ekimenek; besteekin harremandu nahi du euskarak.


Tipi eta tapa, eman ditu lehenengo oinkadak Korrikaren 20. edizioak. Abiatu zen ekimena iragan ostegunean Otxandiotik, eta igaro ditu jada Gasteiz, Trebiñu, Lizarra, Gares, Lodosa eta beste hamaika txoko ere. Euskararen aldeko ekimenaren oinkaden oihartzuna, baina, Euskal Herriko mugez gaindi entzun daiteke; nazioartekoa da Korrika. Dozenaka izango dira aurtengoan ere euskararen aldeko mezua zabalduko duten nazioarteko hiriak, hasi Txileko Santiagotik, jarraitu Berlinen eta Melbourneraino.

Hala, aipatu nazioarteko ekimenen esperientziak jasotzea da hizkion errenkadaren xedea. Dauden denak dira, baina diren denak ez daude. Dozenaka dira euskararen aldeko ekimenarekin zerikusia duten iniziatibak antolatuko dituzten hiriak (44 Korrikaren webgunearen arabera), eta ezin guztien berri izan eta eman. Hala ere, ia hogeiren bat hirietako antolatzaileekin hitz egin du GAUR8k, egingo duten horren nondik norakoak jaso eta toki bakoitzeko berezitasun eta ezaugarrien berri izateko. Jasotako informazioaren lagin bat baino ez da ondorengo lerroetan irakur daitekeena; espazio fisikoak agintzen du. Ezer baino lehen, baina, doakiela eskerrik beroena erreportaje honen egikaritzean bere alea jarri duten horiei guztiei.

Necochea, Santiago eta Lima

Hego Amerikatik hasiko dugu nazioarteko Korrika, behetik gorako bidea eginez. Lehenengo geltokia: Necochea, Argentinako Buenos Aires probintzian. Bertako Euskal Etxearekin hitz egin dugu, Korrikaren harira antolatu dutenaren inguruan hitz egiteko. Azaldu dute 2005ean hasi zirela ekimena antolatzen, bertara joan ziren AEK-ko bi gazteren iniziatibaz. Lehenengo aldia izanagatik ere, 100 lagun bildu zituzten; nahikoa aitzakia hurrengo urteetan ekimenarekin jarraitzeko. Aberri Egunarekin batera ospatuko dute aurtengoan, apirilaren 15ean, hiritik kanpo bizi diren euskaldunei ere ekimenean parte hartzea errazteko. Euskal Etxearen iniziatiba bada ere, Necocheako herritarrentzat ekimen “ikusgarria” bilakatu dela diote; ez da txirringa, klaxon edo ikurrinarik falta izango.

Iparralderako bideari jarraiki, Santiagoko Txile dugu hurrengo geldialdia. Bertako Euskal Etxean euskara irakaslea den Alvaro Montes de Ocak erantzun dio GAUR8ren galdetegiari, eta azaldu dio Santiagon ere 2005ean antolatu zutela lehenengoz Korrika. Diaspora eta Euskal Herriaren arteko zubi lana egitea zen ekimenaren helburu nagusia eta, hala, Txile, Peru eta Kolonbiako diasporarentzat erreferentziazko ekimena izan zen hainbat urtez. Jatorri euskalduna duten edo euskararen bizirautearen garrantziaz jabetuta dauden herritarrak hurbiltzen zaizkie ekimenera, baita Santiagoko Unibertsitateko euskara ikasleak ere. Txileko hiriburuan, baina, ez dira ase urtean behin euskararen aldeko ekimen bat antolatzearekin. Ohikoak dira Pablo Neruda, Gabriel Mistral, Joseba Sarrionandia edota Gabriel Arestiren olerkien errezitaldiak, eta Euskararen Eguna bezalako egun seinalatuak ere ez dituzte pasatzen uzten. 11.00etan zuten hitzordua gaur, Bellas Artes museoan.

Berria da, berriz, Liman, Peruko hiriburuan, Korrika. Aurtengoa bigarren aldia izango da eta Limako Euskal Gazteria taldeak antolatu du. Tartean euskaldunik bada ere, perutar ugari dira euskararen aldeko ekimenaren antolakuntzan dabiltzanak. Apirilaren 9a baliatuko dute hauek Mirafloreseko malekoitik lasterka saioa egiteko, «euskara izate eta tradizio baten parte dela aldarrikatuz». Horretarako, kitxua hizkuntza erabili ohi dute, alderaketa egin eta ekimenaren nondik norakoa hobeto ulertarazteko.

Indigenak gogoan Washingtonen

Euskararen aldeko ekimena Ameriketako Estatu Batuetako hiriburura ere iritsiko da, hots, Washingtonera. Ez da Korrika hartuko duen herrialdeko hiri bakarra izango, New York edo Boisen ere egingo baitute ekimenik. Iparralderago jota, Kanadan, Quebec ere izango da euskararen aldeko lasterketaren testigu. Washingtonen, baina, bertako Euskal Etxearekin harremana egitea lortu dugu, baita euren asmoen berri jaso ere.

Aurtengoa izango da lehenengo aldia eurentzat; txikia da bertako Euskal Etxea, bazkide gutxikoa eta egoitzarik gabea. Ez dute ekitaldiz jositako historia atzean, baina iragan udan hirian ospatutako Smithsonian Folklife ekitaldiak errotik aldarazi zien aldartea. «Euskal kultura Ameriketako Estatu Batuetako hiriburuko protagonista bilakatu zen bi astez. Bertakoen interesa handia zela konturatu ginen, eta, ondorioz, euskara klaseak eskaintzen hasi ginen, esaterako». Aldarte horrek berak eraman ditu Korrika antolatzera, bertako euskaldunak elkartzeko aitzakian.

Alabaina, mundu mailako superpotentzian bizirik iraun nahi duten hizkuntza eta kulturak ere badirela akorduan izango dute hurrengo igandean kalera ateratzen direnean. Indigenekiko elkartasun ekitaldi moduan garatuko dute Korrika, eta horretarako Washington eraiki zen lurretan bizi ziren tribuekin jarri dira harremanetan. Ekimenaren abiapuntua American Indian Museum izango da; amaierako ekitaldia, berriz, National Mall parke ospetsuan egingo dute. Modu horretan, eta sinbolikoki bada ere, jatorrizko herriei gorazarre egingo diete.

Europan, hiriburuak eta beste

Washingtonetik abiatu, Atlantikoa zeharkatu eta Dublinen hartuko du lur Korrikak. Tradizio luzeko harremana dute Irlanda eta Euskal Herriak, euskararen aldeko ekimena horren lekuko. Dozena bat laguneko taldea osatu dute Irlandako hiriburuan ekimena antolatzeko, tartean Diarmuid Breatnach irlandarra. Dublin Basque Solidarity Comitee batzordeko kidea bera, euskal kultura eta hizkuntzarekiko begirunea izatera eraman du amaren jatorri euskaldunak (Algortakoa du ama), baina baita herrien eskubide politiko eta kulturalen defentsak ere.

Irlandar hiriburuko kale nagusiak zeharkatuko ditu gaur bertan Korrikak, hala nola, Temple Bar, The Spire, Ha’Penny Bridge... Eta, nola ez, egunero musika tradizionala duen pub batean amaituko da ekimena, Cobblestone Pub ezagunean. Bertan, irlandar zein euskal jatorriko abesti tradizionalak kantatuko dituzte. Ekimenarekin, euskararen inguruko interesa piztea dute xede antolatzaileek. Horretarako “Running for the basque language” dioen pankarta bat eramango dute: «Zortea badugu, batek baino gehiagok ‘basque’ hitzaren bilaketa egingo du Googlen”».

Beste itsaso bat zeharkatu, Mantxako kanala kasu honetan, eta Parisen egingo du beste geldialdi bat Korrikak. Sustraiak elkartea da euskararen aldeko ekimena antolatzeaz arduratzen dena. Orain sei urte egin zuten lehenengoz lasterka, eta aurten guztien artean goiztiarrenak izan direla esan daiteke: martxoaren 19an hedatu zuten Estatu frantseseko hiriburuan euskararen aldeko mezua. Montmartre auzora eraman zuten ekimena, eta bertatik adierazi zioten hiri osoari euskaraz bizi nahi dutela. Helmuga, berriz, Euskal Etxea izan zuten, 3 kilometroko ibilbidea osatuz.

«Parisko alderik politenera moldatzen ahalegindu gara, adibidez, ibilbidea egitean. Frantziarrak ez diren komunitateak zeharkatu genituen, afrikar eta arabiarrak kasu, eta oso harrera ona egin ziguten. Batzuk lasterka egitera eta guzti animatu ziren!», azaldu du Lorea Ibañezek. Amaierako ekitaldia, baina, tradizionala egin zuten, euskalduna, erromeriarekin eta abar, «arraroa baita halakorik Parisen topatzea!».

Bidaiarekin errepidez jarraituz, Berlineraino igoko gara. AEK-ko irakasleen ekimenez abiatu zen Alemaniako hiriburuan Korrika egiteko tradizioa, 2011. urtean. Edizio ezberdinak, leku ezberdinak; ahalik eta eragin handieran bila. Branderburgoko Atea ezagutu du Korrikak Berlinen, baita Humbodlt Unibertsitatea edo East Side Galerian kokatzen den harresia ere. Jonan Lekuek antolatzaile bezala adierazi duenez, Berlinen bada Euskal Herriaren gaineko ezagutzarik. Horren lekuko urtean zehar antolatzen diren ekitaldiak, zinema jaialdia edota memoria historikoaren inguruko hitzordua esaterako.

Hegoaldera begira jarri eta zain agertzen zaigu Veneziako Piazza San Marco Korrikaren iritsiera hartzeko. Etxepare Institutua eta Bolonia eta Veneziako unibertsitateen arteko harremanaren ondorio da Korrika Italian, eta estreinakoz antolatu dute ekitaldia. Aurrez, baina, badute esperientziak euskal hizkuntza edota kulturaren inguruko hitzaldi, film proiekzio, antzerki eta abarrak antolatzen; ikasleak dira mugimendu euskaltzalearen abangoardian. Euskararen alde lasterka egiten amaitu bezain pronto hil amaieran Mariasun Landa eta Roberta Gozziren hitzaldia prestatze lanetan murgilduko dira bete-betean.

Brnon, Txekiar Errepublikan, eta Helsinki Finlandiako hiriburuan ere izango du presentzia Korrikak. Ez da lehenengo aldia euskararen aldeko lasterketa Brnora iristen dena. Europa erdialdean antolatu den ekimen bakarrenetakoa izanik, gainera, nolabaiteko erreferentzia bilakatu da. Euskaldunak dira batik bat antolaketa lanetan dabiltzanak, baina euskara ikasleak erakartzea dute xede.

Xumea izango da ere gaur bertan Helsinkin egingo duten ekimena. Maia Ossa da antolaketa lanetan dabilenetako bat, Helsinkiko Unibertsitatean euskara irakaslea bera. «Nostalgia» kontuak tarteko edo, Finlandiako hiriburuan bizi den euskaldun talde bat elkartu eta orain hilabete pare bat ekin zioten Korrika antolatzeari. Orain bi urte ere egin zuten saiakera, baina gutxi izan ziren «eguraldi txarra» tarteko. Eurentzat egin zuten ekimena orduko hartan, baina aurtengo edizioan, adibidez, bada finlandiar bat jada antolaketa lanetan. Ibilbide txiki bat egingo dute lasterka, ondoren pintxo batzuk jan eta dokumental bat ikusteko. «Finlandian bertan ere badaude hizkuntza gutxituak eta jendeak gai horretaz hausnarketa egitea ongi legoke», adierazi du Ossak.

Asia eta Ozeaniara ere iritsiko da Korrika. Nepalen egin zuen geldialdia, adibidez, iragan martxoaren 18an eta 25ean, eta Sydney, Melbourne edota Noume Kaledonia Berriko hiriburua ere zapalduko ditu. Nazioarteko ekimena da, horrenbestez, Korrika, euskararen aldeko mezua Euskal Herriko mugetatik gaindi garraiatzen duena.