INFO

Nekane Txapartegiren egoera salatu eta bere askatasuna aldarrikatu dute Bilbon

Bizkaitar hiriburuan Suitzak duen kontsulatuaren aurrean elkartu dira hamarnaka pertsona, Nekane Txapartegiren egoera salatu, bere askatasuna aldarrikatu eta Suitzak onartutako estradizioa arbuiatzeko.

Txapartegiri babesa agertu diote Bilbon.

Nekane Libre ekimena, Askapena, Sortu eta Euskal Herriko Bilgune Feministak deituta, hainbat lagun elkartu dira Suitzako kontsulatuaren aurrean, Nekane Txapartegiri elkartasuna adierazi eta bere egoera salatzeko. Asteasuarra hiru urte eta erdiko espetxealdira zigortu zuten.

Suitzako epaitegiek onartu egin zuten Estatu espainiarrak egin zuen Nekane Txapartegiren estradizio eskaria eta, honekin asilo politikoa ukatu diote. Honen aurrean, protesta egin dute gaur bizkaitar hiriburuan.

Txapartegi 2016ko apirialren 6an atxilotu zuten Zurichen. Ordutik inkomunikazio egoeran eduki dute Dielsdorfeko espetxean. Estradizioa onartu edo ez aztertzeko epaiketa abiatu zuten orduan eta, martxoaren 23an, suitzar epaileek Madriletik bidalitako txostenak aztertu ondoren, onartu egin zuten espainiaratzeko eskaria. «Beste behin ere espainiar presioei men egin dio suitzar justiziak, Nekanek salaturiko torturen testigantza albo batera utziaz», gogoratu dute gaurko elkarretaratzea deitu duten eragileek. Suitzako justiziaren arabera, Txapartegik «ezin izan du modu fidagarrian frogatu torturatua izan zenik eta espainiar erakundeek hau ikertzeko nahikoa egin ez zutenik».

Bestetik, gaur bertan baina arratsaldean, manifestazioa egingo dute Asteasun, bere jaioterrian.