INFO

Esku-hutsik dator Alaves Bartzelonatik

Errenkadan hirugarren porrota pilatu du Alavesek Cornella-El Prat futbol zelaian, Piattik 56. minutuan egindako gol bati esker garaipena eskuratu baitu Espanyol taldeak. [Xehetasun gehiago]


Zazpi eguneko tartean jokatutako hiru partidetan puntu bakar bat ere ez du bildu Alavesek. Gaur Cornella-El Prat futbol zelaian jokatutako neurketatik esku-hutsik bueltatuko da talde babazorroa Gasteizera.

Partidaren lehen minutuetan bi taldeak antzera ibili dira, jokoaren kontrola eskuratu ezinik. Inor ez da gai izan aurkako atezaina urduri jartzeko eta ia intentziorik gabeko jaurtiketa luzeak egitera mugatu dira.

20. minututik aurrera, Espanyolek azeleragailua zapaldu du eta Alaveseko atzelariak lanean jartzera behartu ditu. Jurado, Caicedo eta Piattiren bitartez, erraz iritsi dira talde katalanekoak gasteiztarren ate ingurura.

Bigarren zatia ere antzera hasi da, tartea ireki nahi izan duen Espanyol batekin. Bost minutura, Gerard Morenoren jaurtiketa batek harmailak zutitu ditu, baina gutxigatik joan da kanpora.

Alaves arriskua sortu ezinean jarraitzen zuela, azkenean, 55. minutuan Piattiren gol batekin, egindako lanaren saria aurkitu du Espanyolek.

Hala ere, Bartzelonako taldeak gola eginagatik, Alavesek ez ditu besoak jaitsi eta, minutu batzuetan, duda-mudatan egon ondoren, gogotsu bilatu du Espanyolen atea, baina gasteiztarrek ez dute egunik onena eduki.

Espanyolek ahalegin handirik egin gabe eraman du garaipena, minutu gehienetan kontrolpean izan baitu jokoa.