Oier Gomez presoari sei hilabeteko bizi itxaropena eman diotela ohartarazi dute
Larriki gaixo dagoen Oier Gomez preso gasteiztarraren egoeraz ohartarazteko agerraldia egin dute Baionan eta, bertan ohartarazi dutenez, sei hilabeteko bizi itxaropena eman dio epaileak izendatutako peritu batek. Haren zigorra eteteko eskaera hilaren 19an aztertuko dute eta egoera honen aurrean mobilizatzeko deia egin dute.
Ewing motako sarkoma duen Oier Gomez presoaren egoera «oso larria» dela ohartarazteko agerraldia egin dute Baionan Sarek eta Bagoazek, gasteiztarraren senideekin eta abokatuarekin batera. Hain zuzen, epaileak izendatutako peritu batek sei hilabeteko bizi itxaropena eman diola jakinarazi dute, Kazetak berri eman duenez.
Egoera honen aurrean, Clara Rouget abokatuak zigorra eteteko eskaera egina du eta, horren harira, aditu baten bisita jaso zuen Gomezek martxoaren 11n. Apirilaren 19an egingo dute auzia aztertzeko saioa, Parisen.
Saioa espetxean bertan egingo da, eta hara joango dira, abokatuaz gain, hiru epaile eta prokuradorea.
Erabakia zigorra etetearen aldekoa balitz, Gomez ez litzateke berehala espetxetik aterako, haren aurka hiru euroagindu baitaude. Hortaz, zigorra etenda ere, tramite gehiago burutu beharko lirateke, baina, abokatuaren arabera, azkar egin litezkeenak.
Gainera, balizko etete horren aurrean Fiskalak helegitea aurkeztuko balu, bidea irailera arte luzatu litekeela adierazi du abokatuak.
Prest al dago Paris?
Testuinguru honetan, Sarek eta Bagoazek galdera zuzena planteatu diote Gobernu frantsesari, «Oier Gomezen heriotza asumitzeko prest» ote legokeen itaunduz.
Apirilaren 19ko zita bat eginez, eta egoeraren larritasunaren aurrean, hainbat mobilizazio deitu dituzte. Apirilaren 18an, 12.30ean, Bilboko kontsulatu fratsesaren atarian elkarretaratzea egingo dute eta hurrengo egunean, auzia aztertuko duten egunean hain zuzen, Baionako suprefetura aurrean egingo dute kontzentrazioa, arratsaldeko 18.30ean.
Era berean, Oiertxo SOS plataformak elkartasun eguna deitu du apirilaren 22an. Maiatzaren 6an, Oier Gomezen askatasuna exijitzeko manifestazio nazionala deitu du Sarek.
Bagoazek azpimarratu du guztira hamahiru direla gaixotasun larriak dituzten euskal presoak.