INFO

Tailer eta hitzaldiak, Gazte Akelarrearen bigarren egunean

Zornotzatik Igorrerako martxaren biharamunean, hitzaldi, mahai-inguru eta tailer desberdinekin ekin diote bigarren egunari Gazte Akelarrean parte hartzen ari diren Euskal Herri guztiko gazteek.

Gazte andana bildu da Arnaldo Otegi eta Irati Sienraren hitzaldian. (TOPATU)

‘Sugarren dantzan independentziara’ lemapean Ernai eta Aitzinak antolatutako Gazte Akelarreak bigarren eguna du gaur.

Asteazken arratsaldean Zornotzatik abiatu eta Igorrera gau partean iritsi ondoren, bertan hasi zuten akelarre erraldoiari.

Gaurkoan, gai askori buruzko hitzaldi, mahai-inguru eta tailerrak izan dira protagonista.

Esate baterako, Arnaldo Otegi eta Irati Sienrak ‘La clase obrera no va al paraíso’ hitzaldia eskaini dute, Kongresuan bizitakoak kontatu dituzte Onintza Enbeita eta Sabino Cuadra EH Bilduko diputatu ohiek. LABeko Ainhoa Etxaide eta Garbiñe Aranburu ere hizlari izan dira…

Besteak beste, Mozal Legea, lurralde elkargoa, ekonomia feminista edota MSTren borroka ere izan dituzte hizpide.

Kirolak eta dantzak ere ez dira falta izan.

Gaua iristearekin batera iritsiko da musikaren ordua: Soziedad Alkoholika, Willis Drummond, Gatillazo, Bad Sound System, Mafalda eta Eskean Kristö taldeak izango dira taula gainean.