INFO

Itzultzea gerorako uzten denekoa

«Erbesteratu ekonomikoak» badirela ezin uka. Azken urteotan Euskal Herritik gazte asko atera dira atzerrira, hemen bertan baldintza duinetan lana aurkitzeko zailtasunek bultzatuta. Horrez gain, ordea, kanpora ateratzeko erabakiaren atzean mundua ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko grinak pisu handia du egungo belaunaldietan. Eta behin alde eginda, urte batzuk atzerrian eman ondoren, euskal gazte askok itzultzeko unea etorkizunerako uzten dute.


Bizitzeko, Euskal Herriaren parekorik ez dagoela diote gehienek, baina «oraingoz ez dut itzultzeko asmorik» da askoren bizipenen errealitatea. Biztanleriaren piramideak gazteen falta adierazten duenean eta joandakoek itzulera geroratu egiten dutenean, soziologikoki aztertu beharko litzatekeen fenomenoari ateak irekitzen zaizkio. Horri ere aurre egin beharko litzaioke, kontuan hartzeko moduko galera baita zahartzen ari den gurea bezalako herri txiki batentzat.

Edinburgon bizi diren bizkaitar eta arabar gazte banarekin hitz egin dugu. Ez dute elkar ezagutzen, baina, ñabardurak alboratuta, Nahikari Mendoza eta Fer Perezen hitzek gaur egungo gazte askoren pentsatzeko era laburbiltzen dute. Itzuli? Bai. Noiz? Auskalo.

 

FERNANDO PEREZ, GIZARTE INTEGRATZAILEA

«Hemen nagoenetik ez dut inoiz bueltatzeko inpultsurik sentitu»

Gasteiz hiriburua atzean utzi eta Irlandara abiatu zen Fernando Perez; handik Ingalaterrara, eta 2015eko urtarrilaz geroztik Edinburgon dago. Betidanik mundua deskubritzeko zeukan grinak bere egoerarekin bat egin zuen 2014an. Egoera ez baitzen erosoa. Gizarte Integrazioko goi mailako ikasketak amaituta, paketatze fabrikan lanean aritzen zen, UNEDen Pedagogia gradua ikasteari ekiten zion bitartean. Dirua behar zuelako hasi zen lanean –«nire gurasoak ez baitira aberatsak diruz», baina aldi baterako laneko enpresa baten bidez zeukan enpleguak –astebeteko kontratuak kateatuz eta edozein unetan kalera joateko arriskuarekin– ez zion independizatzeko aukerarik ematen. Unibertsitateko ikasketekin ere ez zegoen gustura; pedagogia irakasten den «era itxi eta sistematizatuarekin» ez zetorren bat. Egoera honetan, mundua ezagutzeko nahiak bultzatuta atera zen jaioterritik.

Lana topatzea erraza suertatu zitzaizun?

Nahiko erraza. Edinburgon ez baitago ia langabeziarik eta Europar Batasunekoa izanda ez duzulako ia tramiterik egin behar. Hizkuntza menperatzen ez nuenez, ezin nuen nire gustuko lanik aurkitu eta janari azkarreko jatetxe batean hasi nintzen. Lehenengo hilabeteak zailak izan ziren; alde batetik, ia beti asteburuetan eta gauetan egiten nuelako lan eta, bestetik, komunikatzeko zailtasunak nituelako. Eskoziarren hizkera oso itxia da eta nire maila eskasa zen. Pisua bilatzea ere zaila da, garestiak baitira, baina, horretaz aparte, nahiz eta ailegatu nintzenean inor ez ezagutu, oso erraz egin nituen lagunak. Edinburgo hiri kosmopolita da; jende asko dago zure antzeko egoeran.

Hizkuntzarena gaindituta, egoera hobean zaude orain?

Neure burua eroso ikusten dut ingelesez hitz egiten eta harro nago, hizkuntza- murgiltzearen abentura polita izan da eta, gainera, orain dela gutxi C1 maila gainditu dut. Lanean, hamar pertsona bizi diren etxe-erresidentzia batean ari naiz, gizarte integratzaile lanean. Ohiko bizitza aurrera eramateko zailtasunak eta ezintasunak dituzten pertsonak dira, arrazoi fisiko edo psikologikoengatik. Eguneroko bizitzan trabak dituzten arloetan laguntzen diet.

Gustura, orduan?

Oso gustura bizi izan naiz bi urte hauetan. Asko bidaiatu dut, jende berria ezagutu dut ia astero eta hiria ederra da...

Beraz, ongi integratzeko aukera ematen du Eskoziak?

Adaptatzeko nahiko erraza baina integratzeko zaila dela esango nuke. Hau da, lan munduan eta instituzioetan murgiltzeko praktikoak direla uste dut. Eskoziarrekin «ezagun» eta «lagun» artean dagoen barrera hori pasatzea, berriz, zaila da. Gizarte hau nahikoa indibidualista da zentzu askotan eta horrek ez du laguntzen. Edinburgon, zehazki, etorkinez jositako hiri bat denez, atzerritarrekin harremana izateko erraztasun handiagoa dago. Dena den, eskoziarrek asko lagundu didate, orokorrean etorkinekin jatorrak direla esango nuke.

Kanpotik etorritakoen gehiengoak lan prekarizatua du?

Bai. Esaterako, hemen ere aldi baterako laneko enpresak (ETT, gaztelerazko sigletan) existitzen dira eta oso zabalduta daude. Gainera «0 orduko kontratua» deritzana dago eta ohikoa da zerbitzari, sukaldari eta etorkinen lan munduan hori aurkitzea. Kontratatzaileak nahi edo behar dituen orduak lan egiten dituzu, ez dauka ordu kopuru minimo bat eskaini beharrik eta ez duzu baja kobratzeko eskubiderik kontratu mota honekin.

Eta Euskal Herrira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Etorkizunean itzuliko naizela pentsatzen dut, baina hemen nagoenetik ez dut inoiz bueltatzeko inpultsurik sentitu. Herrimina beti dago hor, baina bizitzen ari naizen esperientziak hobeto eramaten laguntzen du. Nahiz eta ez dakidan noiz eta nola gertatuko den itzulera, nire asmoa Euskal Herrian «amaitzea» litzateke. Dena den, badakit bizitzaren zenbait faktore ezin direla kontrolatu eta horregatik ez diot buelta gehiegi ematen.

Ekonomia hobetzen doala esan ohi da. Horrek ez zaitu etortzera animatzen?

Ez. Politikari gehienen hitzak diruz zikinduta daude eta horregatik atzerritik irakurtzen ditudan berriek nigan eraginik ez izaten saiatzen naiz.

Euskal Herriko nire ezagunek, lagunek eta familiak bizi duten egoera da

kontuan hartzen dudana, eta, hortaz, bi gauza ikus ditzaket distantziatik: lan apur bat gehiago dagoela eta lana prekarioagoa dela.

Zein da epe laburrean duzun planteamendua?

Mundua deskubritzen jarraitu nahi dut eta hemen aurreztu dudanarekin kotxe bat erosi ordez, nahiago dut bidaiatzen jarraitu. Ameriketara joatea nire ametsa izan da beti eta horri jarraika banoa berehala. 40-50 urteko pertsona asko ezagutu ditut esanez damututa daudela nire adinarekin bidaiatu ez izanaz, beldurrak, konpromisoak eta abar zirela medio. Ez dut damu horrekin bizi nahi.

Zu bezalako gazte euskaldun asko, ondo prestatu eta heziak, munduan zehar barreiatuta daude. Galera da hori?

Noski, galera izugarria da. Ezagutu ditudan euskaldunak orokorrean oso ondo prestatuta daude, gehienak gradu unibertsitarioekin. Euskal Herrian ingeniaritza munduan, ikerketa munduan... aukera gutxi dagoela uste dut, eta oro har txarto ordainduta. Gazte askok Euskal Herria uzten dute lan munduan sartzeko aukera faltagatik. Gizarte baten etorkizuna gazteak gara, motorra, eta Euskal Herriak gazteak galtzean etorkizuna galtzen ari dela izan behar da kontuan.

 

NAHIKARI MENDOZA: IRAKASLE IKASKETETAN ETA PEDAGOGIAN LIZENTZIADUNA

«Oraingoz, hasitako abenturan jarraitu nahi dut»

Nahikari Mendozarentzat kontua ez zen Euskal Herritik kanpora alde egitea, bere sorterritik, Mungiatik, kanpoko hiri handi batera joatea baizik. Hasieran ez zuen Edinburgo bere aukeren artean, baina momentu hura, 2014an, independentziaren erreferendumaren ataria zen eta bere nahiari Eskozian gertatzen ari zen guztia bizitzeko irrika lotu zitzaion. «Abentura desberdinak bizi nahi izateak ekarri ninduen Edinburgora», dio; inola ere ez lana aurkitzeko arazoak. «Horregatik balitz –gaineratu du–, logikoena Euskal Herrian geratzea izango zen».

Haurtzaindegi pribatu batean dihardu lanean. Ordezko lanetan hasi zen, Glasgow barrutiko zerrenda ofizialetan sartuta baitzegoen. Handik gutxira, beste aukera hau eskaini zioten eta haurtzaindegian dabil orduz geroztik.

Zortea izan zenuen egindako ikasketekin lotura duen lana aurkitzean, ezta?

Bai. Nik garbi neukan hiri batean bizitzeko dirua behar nuela, eta lanaren truke lortu behar nuela diru hori. Zortea, eta kasualitatea ere bai. Aste berean bi tokitan onartu ninduten, monitore moduan, bata, eta zahar etxe batean aritzeko, bestean. Monitorearena hartu nuen, ordu gutxiago zirelako eta hiriaz gozatzeko aukera handiagoa ematen zidalako.

Aukerak badaudela esan nahi du horrek, baldin eta hizkuntza ondo menperatzen baduzu?

Nik esango nuke hizkuntza larregi menperatu barik ere badaudela, baina kontua da zein den norberaren helburua. Nirea bizitzea zen, jendea ezagutuz eta esperientzia berrietan murgilduz. Lanagatik balitz, Euskal Herrian egongo nintzateke. Nire arloan behintzat aukerak suertatu zaizkit; hemen daramadan denboran ere bai, baina nik nahiago izan dut modu prekarioagoan bizi, Euskal Herritik kanpo, eta nire abentura egin.

Bertako gizartean integratzeko zailtasun berezirik topatu al duzu?

Hasieran zailagoa egin zitzaidan, ezagunak nituen beste euskaldunekin bizi nintzelako. Euren bidez ezagutu nituen euskaldun eta erdaldun asko; horrek berak oso zaila bihurtzen zuen zirkulu horretatik kanpo jendea ezagutzea. Nik ekarri nuen ideia ez zen euskaldun edo espainolekin harremantzea atzerrian; beste hizkuntza batean bizi nahi nuen; beraz, egoera hori saihestu nahi nuen. Orduko lagun minak ditut gaur egun, batzuk Euskal Herrira itzuli direnak eta beste batzuk munduaren beste puntan daudenak… baina nire kabuz moldatu nintzen gero. Iritsi eta urtebetera-edo, ikuskizunak antolatzen dituen erakunde sozial batean sartu nintzen; nire zirkulua erabat zabaldu dit horrek.

Lana aurkitzeko helburu bakarrarekin Eskoziara joan diren euskaldunak ezagutu dituzu?

Euskaldun asko ezagutzen ditut. Gehienak ez dira baldintza ekonomikoengatik etorriak. Bai, batzuk badira bere burua errefuxiatu ekonomiko bezala ikusten zutenak; hasieran ezagutu nituen, baina gaur egun ezagutzen ditudan gehienak nahiko ondo kokatuta daude beren lanetan. Hemen geratu direnen arteko asko ez ziren etorri lan faltagatik, beste arrazoi batzuk zituzten.

Herrira itzultzeko asmorik baduzu?

Era iraunkorrean egoteko?… Bueno, azpimarratu nahi dut hainbat lekutan bizitzen egon naizela eta ez dudala topatu Euskal Herria bezain toki perfekturik. Klima, gizartea eta, batez ere, daukan potentzialagatik. Herri moduan daukan potentzialagatik. Baina nik, oraingoz, hasitako abentura honetan jarraitu nahi dut. Akaso, egunen batean itzuliko naiz. Azken finean, nire sorterria da, nire izaera eta bizi izan dudana bertan daude, baina, era berean, hemen ere, beste toki honi esker, hazten eta bizitzen ari naiz…

Zenbat eta denbora gehiago pasatu, urrutiago?

Ez, ez. Euskal Herria gertu sentitzen dut eta gero eta gehiago. Hasiera batean, ez nuen hainbeste sumatzen falta, baina orain lagunak, familia... horien falta sentitzen dut. Herriko errutinak ere lantzean behin, maiatz aldera jada mahuka laburretan ibili ahal izatea, terrazetan lasaiago egotea… gauza horiek.

Zu bezalako gazteak joan eta itzultzen ez direnean…

Bada... Nik ondo ikusten dut jakin-mina eta kuriositate hori duen edonor bere lurretatik kanpo joatea mundua ezagutzera eta lan egitera; lan egiteko modu desberdinak ezagutzen dituzu eta hortik ere asko ikasten da. Baina lan bila atera behar izatea pena handia da. Euskal Herriak potentzial itzela dauka, baita lan baldintza onak eskaintzeko ere, behar den moduan inbertitu eta antolatuz gero. Euskal Herritik alde egiteko arrazoia mugetatik kanpo dagoena ezagutzea bada, ona da; bestela, galera izugarria da.