INFO

Bizikidetzaren eraikuntzan sakontzeko karril sozial bat sustatuko du Foro Sozialak

Bizikidetzaren eraikuntza oinarri hartuta lan saioa egin du larunbat goiz honetan Foro Sozial Iraunkorrak Gernikan, bonbardaketaren 80. urteurrenean. Bizikidetzan sakontzeko gizarte zibilaren aktibazioa sustatu behar dela aldarrikatu dute, eta horretarako dinamika eta proposamenez betetako karril sozial baten sorrera sustatuko dutela iragarri dute.

Gatazkaren konponbidean ekinbide lokaletan parte hartu dutenen esperientziak entzun dira Gernikan. (@goikodeustu)

«Hitzorduak» lelopean, Gernikan elkartu da Foro Sozial Iraunkorra bizikidetza eta memoriaren inguruan Euskal Herriak dituen erronken hausnarketa konpartitua egiteko. Gernikara eraman dute lan saioa, bonbardaketen 80. urteurrenean, «egiteko modu okerraren adierazle dela uste baitugu».

Aizpea Leizaola eta Iñaki Gonzalez Muruak irakurri duten testuan azaldu dute jardunaldiaren lehen zatia hainbat pertsona eta eragilek (Ahotsak, Bakeola, Baketik eta Berbari Lekua) bizikidetzaren eraikuntza prozesuan egindako lana ezagutzeko baliatu dutela. «Maitasun eta mimo osoz dinamika hauen dinamizazio eta aktibazio lanetan jardun duten kideen esperientzia ezagutzeko beta izan dugu batetik, eta bestetik norbanako gisara haien herrian osatutako taldeetan parte hartu dutenen testigantzak entzuteko aukera ere izan dugu», gaineratu dute.

Bizikidetzaren bidean maila lokalean abian jarritako dinamikak txalotu dituzte, «eredugarriak eta beharrezkoak» direlakoan, uste baitute gizarte zibilak bizikidetzaren eraikuntzan «motore» izan behar duela. Zentzu horretan, armagabetzearen harira emaniko aktibazio soziala aipatu dute, «sakondu beharreko adibide praktikoa».

Bizikidetza pertsona ororen eskubide guztiekiko eskubidetik etorriko dela gaineratu dute, eta eskubide urraketak nazioarteko estandarren arabera aztertzea aldarrikatu dute.

Gatazka politikoak sortutako sufrimenduaren inguruan, ondorioak gainditu eta elkarbizitza baketsu baten oinarriak finkatzeko bake «justu eta iraunkor» baten beharra azaleratu dute: «Horretarako, gertatutakoa ezagutzea oinarrizkoa da; poliedrikoa izan den eta oraindik ere baden errealitate baten aurrean gaude».

Horretarako, bake prozesu baten beharra nabarmendu dute, zeinak gizarte zibilaren lidergoa beharko lukeen. Hala, dinamika eta proposamenez betetako karril sozial baten sorrera sustatuko du Foro Sozial Iraunkorrak.

Helburu honi erantzunez, sufrimenduaren mapa integral baten osaketara eramango dituen hausnarketa prozesu bat abiatu dute gaur bertan, gatazkak sorrarazitako biktima guztiak, giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu mota batzuen ondorioak «identifikatuak eta errekonozituak» izan daitezen.