Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) artistek azkenaldian jasandako erasoak salatu ditu
Azkenaldian Euskal Herriko aktoreek sare sozialetan jasan dituzten difamazio-adierazpenak eta boikoterako deiak salatu ditu Euskal Aktoreen Batasunak (EAB). Itziar Ituño eta Miren Gaztañagaren kasuak dira eman diren sonatuenak.
«Euskal aktoreak haserre eta kezkatuta gaude. Haserre, azken aldian sare sozial ezberdinetan argitaratutako hainbat difamazio-adierazpenekin eta hauek komunikabideetan hartu duten ohiartzun tamalgarriarekin, kontu honi neurriz kanpoko dimentsioa emanaz», nabarmendu du EABk ohar batean.
«Zehazki gure sindikatuan afiliatutako aktore batzuen aurka egindako adierazpenak dira, eta afiliatu hauek parte hartu duten produkzioei boikota egiteko deia luzatzen da. Zuzenean kaltetutakoak momenturen batean edo bestean, eta beti ere adierazpen askatasun eskubidean oinarrituta, beren eremu pribatuan deklarazio edo parte hartze konkreturen bat egin duten pertsonak dira», gaineratu du.
Itziar Ituño (presoen eskubideen alde azaltzeagatik) eta Miren Gaztañaga (ETB1eko programa satiriko batean espainolei buruz botatako iritziengatik) izan dira eraso hauek pairatu dituzten azken aktoreak.
Egoera honen aurrean erasoak pairatzen dituzten aktoreak babestu egingo dituela azpimarratu du EABk. «Eta salatu egingo dugu, beren pentsatzeko askatasuna erabiliz, legearen barruan dauden edozein ekimen sozial, politiko edo kulturaletan parte hartu, edota berauek babesteagatik jasan ditzaketen edozein eraso», azpimarratu du.
«Sare sozialek ahotsa ematen die anonimatuaz baliatzen diren gizabankoei, eta hauek inongo filtrorik gabe iraindu eta difamatzen dute jendea. Hori ez da gorrotoa sustatzea?», galdetu du Euskal Aktoreen Batasunak.
«Kezkatuta gaude honek guztiak gure afiliatuengan eragin ditzakeen ondorio profesionalekin, dagoeneko izan ez baditu, ideologia edo jatorriaren arabera antzezle bat edo beste kontratatu behar bada. (Hori ezingo dugu inoiz jakin)», bukatzen du EABren oharrak.
EABren oharrak Estatu espainoleko hainbat tokitako aktore eta artisten elkarteen sostengua jaso du.