INFO

‘Egin’ eta kazetaritza politikoa aztergai izango dira EHUko Uda Ikastaroetan, GARAren eskutik

‘40 urte Egin sortu zenetik. Kazetaritza politikoaren jatorriak eta etorkizuna’ izango da EHUko Uda Ikastaroen XXXVI. edizioan GARAk jorratuko duen gaia. Ekainaren 7an hasi eta irailaren 15era arte iraungo duen edizioaren baitan 190 jardunaldi prestatu dituzte.

EHUko Uda Ikastaroen aurkezpena, Miramar Jauregian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Miramar Jauregian eginiko agerraldian aurkeztu dute EHUko Uda Ikastaroen XXXVI. edizioa, ekainaren 7an hasi eta irailaren 15ean bukatuko dena. Han izan dira Agustin Erkizia, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Carmen Agoues, Uda Ikastaroen zuzendaria eta Roberto Iñiguez de Onsoño, Irizar enpresako langile arloko zuzendaria.

Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute eskaintzaren aniztasuna: 139 ikastaro, lantegi eta jardunaldi profesional, 20 biltzar, online egiteko beste 20 ikastaro eta 11 jardunaldi ireki proposatu dituzte. Guztira, beraz, 190 dira aurreikusitako jarduerak.

Azaldu dutenez, 26 ikastaro euskaraz emango dira, 20 ingelesez (nazioarteko biltzarrak, DIPC Donostia International Physics Centerrek sustatuta) eta bi frantsesez.

Matrikulazio epea irekita dago dagoeneko. Modalitate murriztua maiatzaren 31era arte indarrean izango dela zehaztu dute antolatzaileek.

Ekainaren 20an egingo da Uda Ikastaroen inaugurazio ekitaldia, Donostiako Miramar Jauregian.

Kazetaritza politikoa aztergai, GARAren eskutik

Eskaintzaren parte da aurten eztabaidarako hedabideek egingo duten ekarpena. ‘40 urte Egin sortu zenetik. Kazetaritza politikoaren jatorriak eta etorkizuna’ da GARAk landuko duen gaia.

Uda Ikastaroak geografikoki ere errotzen ari direla nabarmendu dute aurkezpenean. Donostian, Bilbon eta Gasteizen ez ezik, Zubietan, Irungo Oiasso museoan, Tolosan eta Oñatin ere eskainiko dituzte aurten ikastaroak. Bizkaiak eta Arabak gero eta presentzia handiago dute Uda Ikastaroetan: 19 jarduera Bizkaian egingo dira, Bizkaia Aretoan eta Arratian, eta beste 12 Araban, zehazki Gasteiz, Agurain eta Guardian.

Akitania-Euskadi Euroeskualdearen baitan, ikastaro bat eskainiko da Baionan ere, Lapurdiko hiriburuko eta Donostiako abokatu elkargoekin lankidetzan.