INFO

Bigarren mailako hezkuntza elebiduna sendotzeko saioak Biga Bai elkartearen eskutik

Ipar Euskal Herrian irakaskuntza publiko elebiduna sustatzea helburu duen elkarteak euskaraz ikasteak dituen onuren gaineko argibide orri bat zabaldu eta gurasoak informatzeko topaketa eguna antolatuko du.


Ikastetxe elebidunen kopurua handituz doan arren, oraindik egiteko asko dagoela uste du Biga Bai guraso elkarteak eta egin beharreko urratsak ongi zehaztuak ditu. Batetik, Lehen Mailako hezkuntza amaitu ostean euskara alde batera uzteak dituen arriskuez gurasoak ohartarazi, eta bestetik, euskaraz ikasten jarraitzeak ekar ditzakeen onurak laudatu nahi ditu.

Horretarako, bi ekimen antolatu dituzte. Hots, datozen egunetan informazio orri bat zabalduko dute ikastetxeetan eta bertan, informazio zehatza ematen da, hala nola irakaskuntza elebiduna nola antolatua den, lortzen diren euskara mailak, ziurtagiriak eta diplomatu batek izan ditzakeen lan aukeren ingurukoa.

Bigarren ekimena «euskara foroa» da, «euskararekin diren lan aukerak eta beraien esperientziaz mintzatzeko» topaketa moduko bat. Horrela, maiatzaren 20an, gurasoek arlo desberdinetako profesionalekin elkartzeko aukera izango dute Baionako Marracq kolegioan 14.30etik aurrera. Bertako zuzendari Prevot jaunak «guraso askok euskararen gaiarekin beldur apur bat» duela aitortu zuen, «baina gure lana lasaitzea da» erantsi zuen.

Marie-Andree Ouret Biga Bai-ko lehendakariak ere gurasoei begira egin beharreko kontzientziazio lana izan zuen hizpide eta gogoeta egin zuen: «Lastima da ama eskolan ikasitakoarekin geratzea, zeren ikasitakoa galtzeko aukera anitz dago».

Ostera, Bigarren Mailako hezkuntza garaian (10 urtetik 17 urtera bitartean) euskaraz ikasten jarraituz gero maila hobea lortzen da, Oureten iritziz, ikasleak «hiztun oso bilakatzen diren sasoia» baita, eta horrek «isla du ikaslearen curriculumean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ziurtagiriak ematen baititu».

Lanerako zein aisialdirako

Informazio orrian ikus daitekeenez, Biga Bai elkarteko kideek euskarak egun lan munduan duen garrantzia goraipatzeko hainbat adibide eta lekukotasun biltzen dituzte. Zentzu horretan, gurasoentzat antolatu dituzten topaketetan «ofizio anitzetan euskara eskatzen dela erakutsiko» dute.

Lehendakarien aburuz, ordea, euskara «ez da soilik lan bat aurkitzeko tresna bat, bizi kultural bati ere ateak irekitzen dizkio», eta horregatik antolatu dituzte aisia edo euskal kulturari lotutako zenbait ekimen.