INFO

Euskaltzalez gainezka egin du Senpereko lakuak

Urtetik urtera ematen diren berrikuntza eta moldaketez harago, Herri Urratsek euskararen eta ikastolen alde Euskal Herrian egiten den festa garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du. Antolakuntzan zein maila teknikoan esfortzu handiak egiten dituzte Senperera gerturatzen direnei gauzak erraztu eta behar dutena eskaintzeko. Horrela, aurtengoan esaterako, esku orrien bidez eman ohi den informazioa zabaltzeko webgune fisiko bat eraiki zuten proba aitzindari moduan.

Jendetza bildu da Senpereko lakuaren buelta, eguraldia lagun. (@JuanaKanbo)

Herri Urrats arrakastatsu bat izateko, aurrez zein egunean bertan egiten den lan eta esfortzua agian ez da oso begi bistakoa bertaratzen denarentzat. Baina hastapenetatik pixkanaka eman diren aldaketei erreparatuz gero, izan diren aurrerakuntzak nabarmenak dira. Bestaz gozatu nahi duen jende multzo handiarentzat ordea, garrantzitsuena eguraldia da, eta gaurkoan bezala, eguzkia lagun denean, jaia gailendu eta gainerakoa bigarren maila batean geratzen da. Halakoetan, guztia ongi atera dadin lan egiten duten 2.000 laguntzaileak ere ikusezin bilakatzen dira pertsonez osatutako itsaso zabalean.

Goizean goizetik jo eta su lanean izan dira ehunka laguntzaile. Aintziraren inguruan, kanpo aldeko errepideetan, jaka berdeekin, laguntzaileak prest izan dira, jende uholdeari aurre egiteko. Aitzitik, irekiera ofiziala egiten den eraikinaren kanpo aldean alderdi politiko, sindikatu eta euskara munduko ordezkari andana bildu da.

Hizlariek zein entzuleek lekua hartzera abiatzen ziren bitartean, disimulu handiz, goizeko lehen orduetan gehien kontsumitzen den droga arrastoak uzten zihoazen bidean, hots, plastikozko kafe ontziak han eta hemen, zoko batean zein bestean. Aretoa aurpegi ezagunez lepo, bederatzi hizlari eta mikrofono bakar bat, zutik eta tinko, 50 bat entzulez osatutako multzoari begira.

Ordu eta erdi iraun du aurtengo edizioaren irekiera ofizialak. Paxkal Indok esan ditu lehen hitzak: «Gaur frantsesez esango ditudan hitz bakarrak esatera noa», abisatu du Seaskako lehendakariak, jarraian, itzulpena behar zutenek «kaskoak hartu eta bigarren kanala ezarriz» guztia ulertzeko moduan izango zirela gaineratzeko.

Txantxak eta umore ona izan dira ordu eta erdi luze iraun duen irekiera ekitaldian, baina hizlariek haien artean gurutzatutako mezu zuzen eta gogorrak ere izan dira. Senpereko auzapezak hitz egin du lehenik, labur, oso labur, ongi etorria emateko; hari Andres Urrutiak jarraitu dio, «labur lehiaketan» irabazteko asmorik ez bazuen ere luze joko ez zuela adieraziz.

Hortik aurrerakoak luzeagoak eta serioagoak izan dira. Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolen zuzendariak «arnas berritzailea» den Herri Urratsera ongi etorria eman dio Jean-René Etchegarayri ikastolen aldeko bestan lehen aldiz Euskal Elkargoko lehendakariari gisa parte hartzen zuela eta.

Silvane Alaux diputatuak eta Jean Jacques Lasserre Pirineo Atlantikoetako senatari eta presidenteak frantsesez aritu dira. Bingen Zupiria kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa «Urkullu lehendakariaren agurra eta besarkada» ekarri ditu. Artean, jada kanpo aldean zarata handitzen ari zen, joaldunak, dultzaineroak, eta inguruak jendez betetzen hasiak zirela aditzera ematen zuten hotsak gero eta ozenagoak izan dira.

Euskal Elkargoko lehendakariak hitza hartu behar zuenerako entzuleen bisaiek nekea erakutsi dute. Etchegarayk euskaraz eta frantsesez eskaini duen diskurtsoan, aurrez beste hizlariek ere egin moduan, datorren ikasturterako Seaskak Baionan ireki nahi duen Bernat Etxepare lizeo berria izan du hizpide, aurten, iaz bezala, Senperen bildutako diru guztia proiektu horretara bideratuko baita.

Harrera ekitaldia amaitu denerako Senpereko lakuaren ingurubirak Herri Urrats arrakastatsu baten tankera zuen. Gune bakoitza, festa betean zen, Xiberoan haur eta gurasoak puzgarrietan saltoka, Araban mutxikoak dantza betean, Gipuzkoa gunera gerturatuak musikaz blai ziren eta Lapurdiko eremuan sagardotegi giroa zen nagusi. Tirolinan behera zihoazen haurrek itzulia egiten zuten oinezkoak agurtzen zituzten Bizkaian, eta Nafarroan, oholtza handian izan diren kontzertuetan, nerabeak lakura bidean izan ohi diren postuetako batean erositako ikurrina eta «gora euskadi» txapelekin garraxi egiten zieten haien logeletan itsatsita dituzten posterretako abeslariei. Edonola ere, herrialde batetik bestera ez da muga edo ordainlekurik, giza kate mardul bat baizik.

Aintzira inguruko larre eta zelaiak autoz bete dira. On preziatua izan da itzala Senperen, eta ez da erraza izan sagardo botila eta lukainka ogitartekoa jateko gerizpea aurkitzea. Besterik ezean, jendeak leku hartu du eguzkipean. Han zen, koadrila bat otordua egiten, Gurutze gorriko postuaren ondoan, jakin gabe, leku berean arma eta lehergailu sorta bat agertu zela apirilaren 8an. Aurrerago, pastorala baten aitzinean, euskaldun bat bere Marseillako lagunari antzerki haren nondik norakoak azaltzen. Trikitilariak, txistulariak, txarangak eta mota guztietako perkusionistak nonahi, dantzari kuadrillak, txosnetako ilarak, atseden hartzen zuten lagun multzoak bazterretan eserita, eta mugimendu etengabea, Ikastolen Elkarteak, bere helburuak betetzeko behar adina diru bildu, eta euskarak bizirik jarrai dezan.