Irailaren 15erako 500.000 euro lortzea, Etxauziaren helburua
Etxauzia gaztelua herritarrena izan dadin lortzeko diru bilketa fase berria abian da dagoeneko. Helburua: irailaren 15erako 500.000 euro lortzea.
Baigorriko Etxauzia gaztelua herritarrena izan dadin beste urrats bat egin dute egitasmoaren bultzatzaileek eta diru bilketa fase berria abian jarri dute, data eta helburu zehatz batekin: irailaren 15erako 500.000 euro lortzea, proiektua gauzatzeko.
Maiatzaren 20an jarri zuten martxan kanpaina berria eta datozen hilabeteotan Euskal Herrian nahiz diasporan zabalduko dute, mezu honekin: «Eman dirua Etxauziarentzat!». Xedea, Txartelak eta dosierrak banatuko dituzte herriz herri dirua biltzeko, izan ere, helburua bizilagunak egitea baita, hau da, Etxauzia sostengatu eta komunitate horren parte izango direnak aurkitzea. «Etxauzia euskaldun guziona izan dadin dirua biltzen lagundu nahi duten guziekin ariko gara, elkarrekin», azaldu dute.
Egitasmoaren alde hainbat ekimen egin dituzte orain arte eta aurrerantzean ere hala izango da. Lehenak, hauexek: maiatzaren 27an eta 28an Irantzu Lekue artista gasteiztarra Baigorrin izango da eta hainbat koadro egingo ditu Etxauzia, mahastiak eta Baigorri gaitzat hartuta. Horiekin ‘Arnasa 01’ seriea osatuko du eta Gasteizeko ARTgia galerian ikusgai izango da ekainaren 7tik aurrera. Ondotik Euskal Herrian barna ibiliko da.
Bestalde Iruñean, ekainaren 14an, Etxauzia Eguna antolatu dute, proiektua aurkeztu eta babesak biltzeko (19.00etan, Katakraken).
Ekainaren 17an Bernardo Atxaga izango da Baigorrin; hainbat egun pasako ditu han eta ‘Axularren izpiritua’ izeneko ekimena abiatuko du. Euskal sortzaile ezagunek idazlan-kate bat egingo dute, Etxauziaren eta beste hainbat gairen inguruan.
Kalifornian
Etxauziako kideak Kaliforniara ere joango dira, maitzaren 27tik ekainaren 5era. Bakersfieldeko jaialdian, Petaluman eta San Frantziskoko Euskal Etxean izango dira, besteak beste, egitasmoaren berri ematen.
AVIVA lehiaketan finalista
Bestalde, Etxauzia AVIVA fabrikaren lehiaketan finalistetako bat dela jakinarazi dute. Bi mila proiektu aurkeztu dira eta 50 finalisten artean dago, bost mila boto baino gehiago lortuta.