INFO

Sentimendu babazorroa ohore handiz erakusten

Gaur goizean-goizetik Alaveseko zaletuek hartu dituzte Madril hiri handiko kaleak. Joaten zinen lekura joan zinela kamiseta zuri-urdinek distira egiten zuten. Jaia eta festa Kopako finalaren aitzakiarekin.

Giro ezin hobea Araba Hirian gunean. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Este navegador no soporta el elemento video.


Disfrutatzeko prest bidaiatu dute Madrilera. Hori ezin uka. Eta ederki aprobetxatzen ari dira eguna. Latina auzoko Parke Berdean kokaturik dagoen ‘Fan Zone’ edo ‘Araba Hiria’-k Gasteiz txiki bat dirudi eta jendea etengabe sartzen doa. Itsasaldi babazorroak ez du etenik Madrilen. Euskara, Alaveseko kamisetak, Gloriosorentzako animo oihuak… Andre Mari Zuriaren jaiak direla esanez gero ere sinisteko bezalako giroa. 25.000 zale espero dira Madrilen, Gasteizeko populazioaren %10a.

Asko dira larunbat goizean autobusean Gasteiztik abiatu direnak, goizeko 7.00etan. Horietako bat da Jesus Sanchez gasteiztarra. Disfrutatzera datorrela dio, «hori bereziki, baina nik uste dut Alavesek bere aukerak badituela irabazteko, aurkaria Bartzelona dela ahaztu gabe». Jakinarazi duenez gurasoak kataluniarrak izateak Bartzelonarekiko sinpatia edukitzera eragin dio, «baina gaurkoan Alavesen alde nago, irabaziz gero gaua luzea izango da Madrilen». En Tol Sarmiento musika talde arabarraren kontzertuarekin gozatu ederra hartu du berak eta ‘Araba Hiriko’ karpa nagusian zeuden guztiek.

Beroak ere ez ditu gelditu zale babazorroak, ezta kontrol-polizial zorrotzek ere. ‘Arrisku handiko’ neurketatzat jo dute gaurko finala, bertan batuko den jende andanarengatik eta azken aldian Estatu Islamikoak egin dituen erasoengatik.

Roman eta Iban Valdeornillos ere Gasteiz etorri dira. Beroarengatik kexu dira. 30 gradu pasatxo adierazten du termometroak. Dortmundeko finalean ere izan ziren aita-semeak. «Orain baino urte gutxiagorekin», dio Romanek. Alemaniako eta Madrileko giroak alderatzeko orduan ez dute zalantzarik egiten eta Espainiako hiriburura zale gehiago gerturatu direla zehazten dute, «hurbiltasunak ere eragina du». Neurketari dagokionez, baina, zail ikusten dute balentria: «2002an Liverpoolen aurka baino zailago». «Hasierak garrantzia izan dezake», azaldu du Roman Valdeornillosek.

Karpa nagusiko kontzertuez gain, edari eta janariak erosteko guneak, Alaveseko ‘merchandising’-a eskuratzeko karpa eta partidura begira oihuen indarra neurtzeko lehiaketak antolatu dituzte ‘Araba Hirian’. Pellegrinok bere jokalariei erakutsitako bideoa ere arratsaldeko 17.00etan ‘Fan Zone’-an zeuden guztiek ikusi ahal izan dute. Guztia sentimendu babazorroa ohore handiz erakusten dutela frogatzeko. Ilusioan, behintzat, zail izango du Bartzelonak final handi hau irabaztea.