INFO

Gladysen aldeko omenaldia egin dute, haren heriotzaren 38. urteurrenean

38 urte bete dira Gladys del Estal ekologista Tuteran, tiro bat buruan jasota, hil zenetik. Urteurrenaren harira, ekitaldia egin du Eguzkik Donostian, eta ekologismoarekin lotutako gaurkotasuneko gaiei heldu die bertan.

Gladysen aldeko omenaldia, Donostian. (NAIZ.EUS)

Gladys del Estal oroitzeko ekitaldia egin du igande eguerdi honetan Eguzkik Donostian, Jose Martinez Salas guardia zibilak Tuteran tiroz hil zuela 38 urte igaro direnean. Gladys Enean egin dute ekitaldia eta, ohi bezala, agendan dauden hainbat gai jorratzeko erabili du omenaldia talde ekologistak.

Alde batetik, Estatuaren gehiegikerien biktimak aitortzeko Legearen inguruan mintzatu da Eguzki. Aipatu legeak Gladysen kasuari babesa eman diezaiokeela adierazi dute, eta Konstituzio Auzitegiak suspenditu izanak biktima guztiak ez direla maila berekoak esan nahi du Eguzkirentzat.

«Dena dela, inoiz aitortza ofizialik iristen bada, primeran; baina, iritsi ala ez, Gladysek ez du inoiz falta izango aitortza nork egingo dion. Bide horretan urrats bat gehiago da gaurko ekitaldia», adierazi dute.

PP eta EAJren arteko akordioaz ere aritu dira ekitaldian. Honen arabera, Lemoizko zentralak okupatzen dituen lursailak «berehala» Lakuako Gobernuaren esku geratu behar lukete. Zentzu horretan, lursail hauei «historiarekin bat datorren erabilera» ematea eskatu du Eguzkik.

Horretarako, Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratzea proposatu dute, bertan parke publiko bat eratuz: «Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, erabakia aldebakarrekoa ez, ahal den adostuz sozial zabalenaren ondorio izan beharko litzateke».

Eta ezin Garoñaz hitzik egin gabe utzi. Iberdrolaren asmoak zentrala txanpon-trukean erabiltzeko asmotan eta negoziazio testuinguru batean ulertu behar direla adierazi dute. «Gainera, bada adi jarraitzeko beste arrazoi bat, izan ere, zentrala itxi ondoren, eraitsi ordez, hondakin erradioaktiboen biltegi bihurtzeko aukera aipatzen hasi dira», gaineratu dute.