INFO

Adingabeen kontrako bortizkeriari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte

Save The Children-ek neurri zehatzak eskatu dizkio Lakuako Gobernuari adingabeen kontrako bortizkeriari aurre egiteko: kontzientziazioa sustatzea, halakoen aurrean zero tolerantzia agertzeko. Isiltasuna gainditu beharreko lehen oztopoa dela nabarmendu du elkarteak.


Adingabeen kontra gertatzen diren bortizkeria eta jazarpen kasuak Gasteizko Legebiltzarrera eraman zituen, atzo, Save The Childen elkarteak eta neurri zehatzak hartzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari. Eva Silvan eta Jose Ignacio Alonso erakunde horretako ordezkariak dira EAEn eta, azaldu zutenez, 2016an adin txikikoen kontrako zazpi sexu-abusu kasu izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, beste zazpi bortizkeria kasu ere izan ziren eta, ohartarazi zutenez, eskoletan eta internet bidezko jazarpen kasu gero eta gehiago detektatzen dira.

Horren aurrean, gainditu beharreko lehen oztopoa isiltasuna dela adierazi zuten. Izan ere, Save The Childrenen arabera, biktimen %2k baino ez dute gertatutako kontatzeko pausoa ematen. Hori horrela, halako gertaeren inguruan dagoen «tolerantzia pertzepzioa» desagerrarazi beharra dagoela azpimarratu zuten.

«Abusua, tratu txarra edo bortizkeria eremu hurbilenetik jasotzen denean benetan konplikatua eta zaila da haur batek bizitzen ari dena kontatzea. Eta gainera, askotan, kontatuz gero, ez diote sinesten edo bere testigantza ukatzen diote, pertzepzioa dagoelako umeek gezurra esaten dutela edo esajeratu egiten dutela», adierazi zuen Silvanek.

Alde horretatik, gai honen inguruan dauden gabeziak salatu zituen eta beharrezkotzat jo zituen gaiari dituen erpin anitzetatik heltzen lagunduko duten sentsibilizazio kanpainak. Horrez gain, prebentzioa, detekzioa eta arreta garatuko dituzten politika integralak eskatu zituzten. Zehazki, adingabeen kontrako bortizkeria kasuen aurrean oraindik ere tolerantzia zantzuak ageri direla salatu zuen eta gaitzetsi zuen halakoak «haurren kontuak» direla baieztatuz pasatzen uztea.

«Babestutako inguruneetan gertatutako bortizkeria kasuekin egin dugu topo, zeintzuetan Elizak behin betiko urratsa eman duen, eta euskal erakundeek ez dituzte tresna guztiak mahai gainean jarri kasu horiek argitzeko eta biktimen babes eta errekuperaziorako», kritikatu zuten. Biktima horiek pairatzen duten errekonozimendu falta ere salatu zuten eta, ondorioz, errekuperaziorako eta erreparaziorako behar adina baliabide bideratzen ez zaizkiela gaineratu zuten.

Kolektibo zaurgarrienak

Biolentzia mota honen aurrean neurririk ez hartzeak, beste guztietan bezalaxe, konponbiderik gabeko ondorioak ekar ditzake biktimarentzat. Hala, adingabeen artean bereziki zaurgarriak diren kolektibo batzuk daudela aipatu zuten. Esaterako, neskak genero arrazoiengatik biktima bihurtzeko arrisku handiagoa dutela esan zuten. Baita ezgaitasun fisiko edo intelektuala dutenek zein jatorriz atzerritarrak edo etorkinak direnek. Kolektibo horiei begirako babes neurriak hartu behar direla esan zuten.

Bortizkeria modu asko eta ezberdinetan gauza daitekeela ere ohartarazi zuten. Izan daiteke fisikoa, psikologikoa, esplotazio bidezkoa, eskolan gertatzen den jazarpena, internet bidezko erasoak, instituzioen arreta falta, grooming delakoa –pertsona heldu batek adingabe baten konfiantza irabaztea gero sexualki jazartzeko– eta genero bortizkeria.