INFO

Lan deialdietan hizkuntz eskakizunik gabe eskubideak urratzen direla dio Behatokiak

Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren urteurrena aukeratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena aurkezteko. Donostian eman du Garbiñe Petriati Ijurra zuzendariak  ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2016an’ txostenak jasotzen duen edukiaren berri.

Garbiñe Petriatik aurkeztu du Behatokiaren Txostena Donostian. (BEHATOKIA)

Gogoratu du txostena herritarrek Euskararen Telefonoaren bitartez eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazten dizkioten bizipenekin osatzen dela; izan kexa edo zoriona.

Hizkuntza-eskubideen alorrean 2016an kontestu berezia bizi izan dela aipatu du Petriatik. 1996an Bartzelonan onartu zen Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren gauzapenerako neurriak jasotzen dituen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zen 2016an, Kontseiluaren eskutik.

«Urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude baita gaur ere», esan du Petriatik 2016ko txostenean jaso dituzten ondorioen berri eman duenean. «Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, nahiz kontsumitzaile moduan, idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte 2016. urtean euskaraz bizi nahi duten herritarrek».

Euskaraz bizi nahi duten herritarrak, horretarako sufritzen dituzten oztopoen ondorioz, «bizi-kalitatea, ongizatea eta duintasuna kalteturik eta desabantailan aurkitzen dira hizkuntza arrazoiengatik». Ildo horretan, Petriatik gaineratu du «tamalgarria da eta tristura ematen dit XXI. mendean, Euskal Herrian giza-eskubideen urraketez hitz egin behar izatea».

Behatokiak jasotako kexetan, maiz adierazi dute herritarrek inpotentzia, atsekabea, amorrua, nekea, mina eta beste hainbat sentimendu. Adibide bat aipatzearren, Donibane Lohizuneko herritar batek helarazitakoa: «…Bertan topatu nuen idazkariari euskaraz eta frantsesez egin nion eta nola ez, frantsesa zen… goitik behera begiratu zidan… ni jada erabat herabetua sentitzen nintzen… Azkenik doktoreak artatu ninduen diagnostikoa errateko, frantses hutsean eta ni jadanik txiki-txikia sentitzen nintzen, ez nintzen ausartu hitz erdi bat euskaraz erraten. Jadanik ez nintzen ongi sentitzen gaixorik bainintzen eta oino okerrago atera nintzen handik. Erabat mespretxatua sentitu nintzen, haiek baino gutiago banintz bezala…».

Administrazioek ezin dute herritar guztien aukera berdintasuna bermatu artatzen duen langileak administratuak hautatutako hizkuntza ez badaki.

Lan-deialdi publikoak puntu beltz

Kezkaz hitz egin du Behatokiko eledunak azken urtean administrazio desberdinetan egin diren lan-deialdi publikoen inguruan. Alor hori markatu du Behatokiak bereziki puntu beltz bezala. Izan ere, esan du «administrazioa euskalduntzeko prozesuan une estrategiakoan gaude. Lan-deialdiak administrazioaren berritze prozesu bat dira. Epe luzerako apustua da eta badugu kontratazio-politiketan orain arte egindakoak utzi digun esperientzia».

Kontratazio-politiketan aldaketarik egin ezean «hizkuntza-eskubideen bermea hipotekatu eta urraketa egoera betikotzeko arriskua handia da» Petriatik azaldu duenez, gainera, «euskal hiztunak arintzen ez den estres egoeran jarraituko dute eta euskal hiztunak gero eta gehiago dira».

Hezkuntzan egindako inbertsioa errentagarri egiteko, orain fokua, ahalegina eta aitzinamendurako indarra beste sail eta arlo batzuetan egin beharra dagoela esan du Behatokiko zuzendariak.

Petriatik gogoratu du borroka sozialari esker lortu izan dela historian zehar eskubide sozialen aitortza. Hain zuzen ere, «bide horretan kokatu behar dira euskaraz bizi nahi duten herritarren ahalduntze saioak. Gero eta gehiago dira euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta euren eskubideez kontzientzia hartzen ari direnak. Eta hori da jarraitu beharreko bidea Behatokiaren ustez, izan ere, demostratuta dago horrek emaitza positiboak ematen dituela».