INFO

Getxo-Bilbo bidegorria Sustapen ministerioak bere gain har dezala eskatu du EH Bilduk

EH Bilduko ordezkariek Bilbo Getxorekin lotzen duen bidegorria eraikitzea Espainiako Sustapen Ministerioari dagokiola esan dute agerraldi batean. Lanak gauzatzeko asmorik ez badauka, lurrak jaregin ditzala eskatu diote jabetza Bizkaiko Foru Aldundiarena izateko.

EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute.

Getxo eta Bilbo elkartuko dituen bidegorriaren eraikuntzan «tenis-partidu» baten aurrean gaudela salatu du EH Bilduk agerraldi batean. Azaldu dutenez, Espainiako Sustapen Ministerioak eta Bizkaiko Aldundiak «pilota pasatzen diote bata besteari behin eta berriz». 

Aldi berean, udalei egiten ari zaien lurren lagapena «ardura saihesteko azpijokoa» besterik ez dela salatu dute udalak bere gain hartzera behartuz.

«Antza denez Getxok eta Bilbok lurren lagapen hori onartu dute, 43 eta 833 metro hurrenez hurren. Beste bi udalerrietan, Leioa 1724 metro eta Erandio 3552 metro, momentuz ez da lagapena gertatu», azaldu dute.

«Modu honetan bidegorriaren eraikuntza atzeratzeaz gain are gehiago atzeratuko litzateke Foru Gobernuak eta Madrilgoak lanaren kostua eta egikaritzea bere gain hartuko balute baino», kritikatu dute.

EH Bilduk Espainiako Sustapen Ministerioari exijitu dio Bilbo Getxorekin lotzen duen bidegorria «lehenbailehen» gauzatzea. «Hala ez bada lurrak behingoan lurrak jaregin ditzala eskatzen diogu, jabetza Bizkaiko Foru Aldundiarena izateko», azaldu dute.

EH Bilduk Madrilgo kongresuan galdera sorta bat egingo duela iragarri du Ministerioaren jarrera ezagutzeko. «Gure ustez erantzuna honakoa izango da: ez dutela asmorik ere bidegorri hau eraikitzeko», azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek.