INFO

Mutiloako zabortegia astelehenean hasiko da hiri-hondakinak jasotzen

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak iragarri du hurrengo astetik aurrera hiri-hondakinak «pixkanaka» Mutiloako zabortegira eramaten hasiko direla.

Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Ormaiztegiko alkate Jon Enrique Galarza. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Jose Ignacio Asensio, Ormaiztegi eta Mutiloako alkateekin bildu da eta Lurpeko zabortegia bisitatu du, egokitze lanak amaituta egoera zertan den azaltzeko.

Asensiok iragarri du hurrengo astetik aurrera hiri-hondakinak Mutiloako zabortegira eramaten hasiko direla. «Pixkanaka» egingo da, antolaketa logistikoa «era ordenatuan» egin ahal izateko eta «eragina txikiena» izateko.

Ingurumen diputatua pozik agertu da: «Gure hondakinak lurraldean tratuko ditugu eta ez ditugu kanpora bidali beharko, horrek dakarren kostu ekonomikoa eta ekologikoa kontuan hartuz».

Abuztuaren 11tik aurrera, hondakinak Meruelora (Kantabria) bidaltzeari utziko zaio eta Gipuzkoako errefusa Mutiloara eramango da. Irtenbide honen ondorioz Ormaiztegiko trafikoa handitu egingo dela jakinda, Ingurumeneko diputatuak eta Jon Enrique Galarzak, Ormaiztegiko alkateak, oinezkoentzako pasabide bat gauzatzeko hitzarmena sinatu dute, GI-3540 errepidearen paralelo izango den espaloi bat eraikitzeko, ikasle zein kirol-guneko erabiltzaileak babesteko. Obraren aurrekontua, Aldundiaren kontura egingo dena, 106.000 eurokoa da. Aurreikusitako gauzatze epea sei astekoa da.

Halaber, behin behineko konponbidea dela gogorarazi du. Izan ere, hemendik bi urtera Zubietako erraustegia abian dagoenean, hondakinak ez dira ez zabortegi honetara ez beste inolako zabortegira eraman beharko, Asensiok esan duenez.