INFO

Aratz Gomez eta Arkaitz Saez presoak Mont de Marsaneko espetxera lekualdatu dituzte

Zigorra osorik betetzeko hilabete gutxi falta direla, Estatu frantsesera eraman dituzte Aratz Gomez eta Arkaitz Saez presoak. Orain Mont de Marsaneko presodengian daude. Estatu frantsesera lekualdatuak izateko guztira hamar urte itxaron behar izan dituztela salatu du Bagoazek.


1999. urtetik Estatu espainolean preso zeuden Aratz Gomez azkaindarrak eta Arkaitz Saez hiriburutarrak zigorra Estatu frantsesean betetzeko eskaera egin zuten 2005ean, baina ezezkoa eman zieten.

2015ean, berriro egin zuten eskaera Juantxo Esnal, David Gramont eta Unai Parot presoekin batera. Urte berean Esnal eta Garmont aske gelditu ziren zigorra beteta eta, 2016an, gainerakoei ezezkoa eman zieten berriro ere.

Helegitea jarri zuten hirurek eta Gomez eta Saezen eskaera onartu zuen epaileak baina Unai Paroten kasuan atzera bota zuen. Parotek Auzitegi Konstituzionalera errekurritu du eta honek ere eskaera ukatuz gero Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko du.

Azkenik, ekainaren bukaeran lekualdatu zituzten Saez eta Gomez, Auzitegi Nazionalak baimena abenduan eman zuen arren. Egun Mont de Marsaneko espetxean daude.

Bagoazek salatu du guztira hamar urte itxaron behar izan dituztela Estatu frantsesera lekualdatuak izateko, eta hilabete batzuetarako baino ez dela, azaroan betetzen baita bien zigorra. Parotek Puertoko espetxean jarraitzen du, etxetik 2.000 kilometrotara, eta haren egoera «onartezina» dela azpimarratu du Bagoazek.

«Frantziara lekualdatua izatea galdetzen dugu, baldintzapeko askatasun bat lortzeko. Ber zentzuan, 28 urtez preso diren Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Aranbururen egoera salatzen dugu eta baldintzapeko askatasuna ukan dezaten galdegiten dugu», azaldu du du kolektiboak.

Bagoazek Saez eta Gomezen lekualdatzea «berri on» bat dela dio, baina «preso guztiak hurbilduak eta batuak izan daitezen» aldarrikatu du.