INFO

Atzera begirada bat, hizkuntza politikan aurrera egiteko

Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta ikastaro desberdinak izan dira egunotan Baionan. «Frantses iraultza garaiko hizkuntza politikaren ondorioak Ipar Euskal Herrian» goiburua zuen kurtsoan, eremu desberdinetako adituek Frantziako Iraultzaz egin den eraikuntza ideologikoa nola gauzatu zen aztertu zuten. Ikuspegi desberdinetatik abiatu arren, guztiek antzeko ondorioa atera zuten: «Garai hartaz egiten den irakurketa ofiziala interesatua eta faltsua da».


Jardunaldien helburua, «hizkuntza politikaren gaia angelu desberdinetatik aztertzea zen». Horretarako, «Ipar Euskal Herrian iraultza garaian gertaturiko eztabaida eta hartutako erabakiek izan duten soka luzea» izan zituzten hizpide, kontatu du Egoitz Urrutikoetxea jardunaldietan atal historikoa jorratu zuen hizlariak.

Ikastaldi hauetan ateratako ondorio nagusia, historialarien aburuz, zera da: «Diziplina desberdinetatik horrelako gaiak aztertzeak duen balioa, batetik; eta ikuspegi desberdinetatik abiatu arren, antzeko helmugara iritsi izana, bestetik». Izan ere, ñabardurekin, baina guztiek bat egiten dute: «Hizkuntza politikaz egun egiten den irakurketa interesatua eta faltsua da».

Angelu desberdinak

Le Manseko unibertsitatean zuzenbide irakaslea den Eneritz Zabaletak legedia aztertu zuen. Iraultza frantsesetik gaur arte, proiektu politiko bat lege bilakatzeko erabili den logika oso baten prozesua aztertu zuen. Alegia, hasiera batean proiektu politiko bezala ezaugarritu zutena nola gaur lege bilakatu duten. Zabaletak azaldu zuenez, beste bide posibleak ere teorizatu ziren, hortaz, orain lege bilakatu duten horren aurrean, bestelako planteamenduak egin daitezke iturri beretik tiratuz.

Eneko Bidegain Huhezi-ko irakasle eta UEUko kidea Frantziako hirugarren errepublikak bete zuen funtzioaz aritu zen; izan ere, orduan eraman zen praktikara iraultza garaian teorizatutakoa. Frantses estatu-nazioaren eraikuntza, hizkuntza batasuna, lurralde batasuna eta antzeko terminoak sistematizatu ziren sasoi hartan eta horiek aurrera eramateko estatuaren aparatu ideologikoak erabili zituzten (hezkuntza eta armada).

Migrazioek euskaran izan zuten eraginari buruz ere hausnartu zuen Bidegainek. Bertako jendeak lan bila atzerrira joan beharra, turismoaren etorrera, eta abar. Populazio-ordezkatzea gertatu zen eta horrek mentalitate aldaketa bat ekarri zuen, eta hori gauzatzeko kultura eta hizkuntza erabili ziren.

Eguzki Urteaga Soziologian doktorea den EHUko irakasleak eman zuen jardunaldi hauetako azken hitzaldia. Iraultza garaitik gaur arte, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaren aldarrikapenaren bilakaera nolakoa izan den aztertu zuen.

Eraikuntza ideologikoa

Parte hartzaileen iritziz, «euskararen onarpena ezeztatzeko edo bilakaera instituzionala oztopatzeko, iraultza garaiko argudioak erabiltzen dira», beraz, iraultza garaira itzultzea proposatzen dute «garai hartan eztabaida horien gibelean egiaz zein posizio zeuden argitzeko». Izan ere, Urrutikoetxearentzat, interesgarriena «iraultzaz egin den eraikuntza ideologikoa da».

Frantziako Iraultzak izan zuen garrantzia hizlari guztiek onartzen dute. Urrutikoetxearen irudiz, «une erabakigarria izan zen, teorizazio lan handia egin baitzen estatu-nazio izateko arrazoiak zehazte aldera, eta orduan izan ziren eztabaidek gaur egungoa beste modu batera argitzen lagun dezakete».

Atal historikoan, «iraultza garaiaz egun egiten den interpretazioak egiaz gertatu zena itxuraldatu du», salatu zuen Urrutikoetxeak, eta espresuki «proiektu baten zerbitzura eraikitako interpretazioa» dela gaineratu zuen.

Garai hartan hizkuntza politika bakarra ez zela egon ere frogatu zuen: «Euskararen kasuan, adibidez, ordura arte inoiz izan ez zuen estatusa izan zuen administrazioan». Horregatik, beraren ustez, «Estatu frantsesak iraultza garaian hizkuntza politika bakarra zuela diotenen aurrean, garrantzitsua da ñabardurak egitea, zeren egiaz gertatu zena eta gero eraiki den diskurtsoa kontraesankorrak dira».

Burgesek proiektu bat zutela nabarmendu zuen historialariak: «Haien interesak zituzten, mugagabeko eremu ahalik eta zabalena behar zuten ekonomiaren garapenerako. Aitzitik, estatu-nazioa eraiki eta barne mugak ezabatu behar ziren. Horretarako, zuzenbide bat behar da, eta eremu hori uniformatzeko, beharrezkoak dira hizkuntza eta kultura bakar bat, eta hori frantsesa izanen da».

Herrien eta hizkuntzen arteko berdintasuna ere teorizatu zen garai hartan. Urrutikoetxearentzat, «hori da interesgarria, zeren diskurtso oso bat deuseztatzen du», eta erantsi zuen, «ideien eztabaidan aurrerapen handiak izan ziren, kontzeptu batzuk praktikan jarri ziren, eta eztabaida horretan agertu zen lekuko hizkuntzen errespetua bateragarria zela hizkuntzaren baloreekin, hots, berdintasuna ez zela pertsonetara mugatua».