INFO

Lau haurreskola berri irekiko dituzte Bilbon

Abandon Sanchez Marcos haurreskola berria irekiko da, Abusu-La Peñan Zamakola eta San Inazio eta Iruarteta haurreskolak handitu egingo dira. 2020rako Bilbon 15 haurreskola izango direla esan du Udalak.

Aburto eta Uriartek akordioa sinatu dute gaur goizean. (ARGAZKI PRESS))

Bilboko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak lankidetzako protokoloa sinatu dute Bilbon 0 eta 2 urte bitarteko umeen zikloko haur-hezkuntzan sortuko diren plaza berrien funtzionamendua arautzeko.

Juan Mari Aburto alkateak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak sinatu dute agiria Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan.

Datozen urteotan, Bilboko Haurreskolek 670 plaza izango dituzte, 15 zentrotan banatuta. Gaur egun dauden plazekin alderatuta, % 26 gehiago eskainiko dira.

Udaletik azaldu dutenez, lau haurreskola berri izango dira datozen urteetan, Sanchez Marcos eta Iruartetan eraikin berriak egingo dituzte, eta beste biak, Zamakola eta San Inazio, handitu egingo dituzte.

Sánchez Marcos haurreskola berria izango da eta Abandoko 6. barrutiari emango dio zerbitzua. Haurreskola eraikitzeko lanak bukatzen ari dira eta aurtengo irailean prest egongo da 0 eta 2 urte bitarteko umeak hartzeko.

Zamakola Haurreskolak Abusu-La Peña auzoari emango dio zerbitzua. Eraikin berri bat bukatzen ari dira eta eskaintzen diren plazak igoko dira. Haurreskola berri hau La Peña auzoko Zamakola Juan Delmas ikastetxe publikoaren ondoan dago.

San Inazio Haurreskolan, 1. barrutian, eraikina zabaltzen ari dira eta 34 plaza berri egokituko dira.

Iruartetako haurreskolan eraikin berri bat egingo da instalazioak hobetzeko eta Ibaiondoko barrutiak 42 plaza berri izango ditu.