INFO

112.000 pertsona bildu ditu BBK Live jaialdiak

Hamabigarren edizioa ospatu du BBK Live jaialdiak asteburu honetan zehar Bilboko Kobetamendin. Besteak beste, Depeche Mode, The Killers, Two Door Cinema eta Die Antwoord taldeak igo dira taula gainera, orotara 112.000 ikusle bilduz.

Hiru egunetan 112.000 pertsona igo dira Kobetamendira. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Hiru egun eta kontzertu sorta eder baten ostean, amaitutzat eman dute BBK Live jaialdiaren hamabigarren edizioa. Aurtengoan, besteak beste, Depeche Mode, The Killers, Two Door Cinema eta Die Antwoord taldeen musikaz gozatzeko parada izan dute Kobetamendira gerturatu diren 112.000 ikusleek.

Last Tour jaialdia antolatzeaz arduratzen den ekoiztetxeak eman ditu datuok. Ostegunean, adibidez, 35.714 pertsona elkartu ziren Depeche Mode, The 1975, Justice eta Cage The Elephant taldeen ikuskizunaz gozatzeko.

Ostiralean The Killers izan zen kartelburu, baina Phoenix edo Fleet Foxes bezalako taldeak ere igo ziren oholtzara. Sarrera guztiak amaitu ziren aipatu egunerako, 40.000. Larunbatean, berriz, 36.400 pertsona elkartu ziren Two Door Cinema, Die Antwoord eta Brian Wilson ikusteko.

BBK Live jaialdiak izango du hamahirugarren ediziorik ere, 2018ko uztailaren 12, 13 eta 14an ospatuko dena. Sarrerak bihartik aurrera erosi ahal izango dira, 75 euroren truke.