INFO

Euskal Herriko skate pista estali handiena eraiki dute Biarritzen

Skate parke andana dago Euskal Herrian, baina ez dira asko teilatu baten babesa eskaintzen dutenak. Biarritzen goi mailako pista estalia estreinatu berri dute eta berau kudeatzeko ardura duen Lassosalai elkarteak aurrera begirako egitasmo anitz ditu esku artean.


Euskal Herriko skate pista estali handiena eraiki dute Biarritzen, eta irekiera ekitaldia Frantziako skate itzuliko azken txapelketarekin egin dute. Eraikin berriarekin helburu berriak ezarri ditu Biarritzeko Lassosalai elkarteak, besteak beste, kirol hau sustatu eta inguruko elkarteekin elkarlana indartzearekin batera, elkarteko kideek dituzten helburuen artean dago Euskal Herriko skate txapelketa antolatzea.

Azken urteetan skate pista zaharrean ibiltzen zen urteko skatezale kopurua 2.000 pertsonakoa zen, eta aurrerantzean, ordea, pista berriari esker urtean 17.000 bisitari izan nahi dituzte proiektuaren sustatzaileek; izan ere, leku gehiago izateaz gain, hobeto kudeatu dituzte eremu desberdinak eta horri esker jende gehiago elkartzeko aukera izango dute. Guztira 690 pertsona izan daitezke barrutian, skater eta ikusleen artean, eta horietatik 100 ibil daitezke aldi berean arrapala desberdinetan.

Egun 600 zale aritzen dira erregularki skatea egiten Biarrizko skate eremuan. Horietatik 200 elkarteak eskaintzen dituen kurtsoetara joaten diren ikasleak dira eta beste 400 zaleak elkarteko bazkideak dira, hots, haien kabuz kirol honetaz gozatzera bertaratzen diren kideak. Horien guztien artean adin guztietako kideak daude, baina gehiengoa 18 urtetik beherako gaztetxoek eta mutilek osatzen dute. Adibide gisara, 180 dira Frantziako federazioan izen emanda dauden Lassosalai elkarteko kideak eta horietatik soilik 23 dira neskak.

Goi mailako eraikuntza

Japonian 2020. urtean izango diren Olinpiar Jokoetarako atxiki dituzten kirol berrien artean, besteak beste, skatea ere izango da eta Tokion munduko skate txapelketak egiteko erabiliko dituzten pistak eredu hartuta maila goreneko skate parkea eraikitzen saiatu dira. Bi sail nagusitan dago bereizita skate pista, batetik «street» (kalea) aldea legoke, kaleko arkitekturak irudikatuz, mota guztietako malda, baranda, errail eta koskak dituena, eta beste sailean, «bowl» (katilu) deitzen duten igerileku moduko arrapala-zulo bat dago, eremu sakonago edo bertikalagoak tartekatzen dituena.

Egitura burdinazkoa izan arren, skate pista egiteko erabili duten material nagusia egurra da, horregatik, eliza eta katedraletako bobedak egiten dituen enpresa batekin egin dute lan, antza, orain 600 urte elizetako teilatuak egiteko erabiltzen zen teknika berbera erabiltzen baitute arrapalak egiteko.

Halere, oraindik hobetu daitezkeen gauzak badirela uste dute skater eta ikusleek. Xan Beheran Donibane Lohizuneko skatezale ezagunak street-eko eremua mundu mailako txapelketa bat egiteko modukoa dela onartzen du, baina bowl-ari dagokionez zalantzak ditu: «Bitxia da, Australian bada antzeko bowl bat, Bondi hirian, antzeko zailtasunak dituena, atal batzuk oso bertikalak ditu hark ere, bertikalegiak, baina nire ustez ez da mundu mailako txapelketa bat egiteko adinakoa, estandarrak betetzeko aldaketa batzuk egin beharko lirateke».

Inaugurazio ofiziala maiatzaren 13an izan bazen ere, ekainaren 3an ireki zituzten behin betiko ateak eta irekiera ekitaldia egiteko txapelketa bat egin zuten, baina ez edonolako txapelketa, Frantziako itzulia osatzen duten bost txapelketetako (Chelles, Lille, Le Mans, Perpinyá eta Biarritz) azkena egin zuten. Antolatzaileak kontent ziren jendearen erantzunarekin, larunbata eta igandea bitartean 1.800 zale bertaratu baitziren txapelketa ikustera.

Bestalde, hutsuneak hautemateko aukera ezin hobea ere izan zen tamainako ekimena. Esate baterako, ikusleak ere kexu ziren haientzako eremua behar bezala egokitua ez dagoelako, zeren errenkadak sailkatzeko harmailak falta dira eta orokorrean begiraleentzako toki gutxi dago. Ikusleek zutik egon behar dute lerro bakar batean eta ikusgarritasun gehien duen bowl eremuan ez da harmailarik. Beraz, zentzu horretan mundu mailako txapelketa bat egin beharko balitz egokitzapenak egin beharko lirateke.

Elkar elikatzen duten proiektuak

Eraikinaren ardura bere gain hartu duen Lassosalai elkarteak, ordea, goi mailako lehia eta ikuskizunaz harago adin eta maila guztietako skatezaleak bildu nahi ditu eta hori ere kontuan hartu dute instalazioak egiterako orduan. Aitzitik, hasiberrien zein adituen beharrak asebete eta izaera desberdinetako programak elkar uztartzeko asmoa dute. Horrez gain, skateaz aparte BMX (bizikleta), roller (patinak) edo antzeko lerra kiroletan jarduten duten zaleentzako ere balio du pistak. Hau da, modalitate desberdinak aritu daitezke leku berean beren diziplinetako berezko ariketak egiten.

Adituek diotenez skate pista bat egiteko material hoberena betoia da, kanpoaldean izaten diren skate pistak egiteko erabiltzen den hormigoia alegia, baina estalitako guneetan egurra erabiltzen da. «Apur bat motelagoa izan daiteke, baina erorketa bat izanez gero min gutxiago hartzen duzu», zehazten du Alex Lonne Biarrizko Lassosalai elkarteko koordinatzaileak. Zurezko skate pista batek izan dezakeen beste desegokitasun bat zera da, erabilerarekin betoia baino askoz ere azkarrago apurtzen eta kraskatzen dela. Edonola ere, motelagoa izan arren hasiberri eta ohiko skatezaleek nahiago izaten dute zurarekin egindako arrapala hormigoizkoa baino, eta adituek, aldiz, betoi zaleagoak omen dira.

Skatea eta eskola kirola

Proiektu hau Biarritzeko Udalak lerra kirolak sustatu eta indartzeko indarrean jarri duen proiektu zabalago baten baitan kokatzen da, eta kokalekuari dagokionez ere, arlo eta diziplina desberdinak elkar elikatzeko eremu bat eraiki nahi da. Skate parke estalia dagoen leku berean kontzertuak antolatzen dituen Atabal gunea dago eta kanpoaldean, oso metro gutxira, itsas ozeanoak babestea helburu duen mundu mailako Surfrider fundazioaren egoitza dago, Biarritz eta inguruko elkarteek ekimen anitzetarako maiz erabili ohi duten lokala.

Kirol hau sustatzeko egitasmoaren baitan beste gauza esanguratsu bat eskola kirolaren eskaintzan skate kurtsoak txertatzea da. Lerra kirolen atalean, jada badira zenbait urte Lapurdiko ikastetxeetan surfa eskola kirolen programan dagoela eta aurrerantzean gauza bera egin nahi dute skatearekin ere. Ondorioz, ikastetxeek eskola orduetan, zein eskola orduetatik at, skatea egin nahi duten ikasleentzako kurtsoen kostua beren gain hartuko dute eta kalitatezko formakuntza bat izan dezaten bermatzeko bitartekoak eskaini beharko dituzte.

Beste edozein skate pistak bezala, hobetu daitezkeen gauzak izan ditzakeen arren, Biarritzen eraiki berri dutena Euskal Herriko skate parke estali handien eta hoberenetakoa da, skate zale batek behar duen guztia baitauka, eta garrantzitsuena, lan egiteko gogoz dauden kidez osatutako elkarte batek kudeatzen du lekua. Beraz, mota guztietako txapelketak egiteko beharrezko osagaiak badira; horregatik, Lassosalai elkarteko kideek hortaz baliatu nahi dute lehen aldiz Euskal Herri osoko zaleak bilduko lituzkeen skate txapelketa antolatzeko.

Euskal Herriko Skate Txapelketa

Lassosalai elkarteko kideek jada Nafarroa eta Euskadiko skatezaleekin harremanetan jartzen hasi direla iragarri dute. «Iruñea, Gasteiz eta Bilbo inguruan zale asko dago eta baita punta-puntan ibiltzen diren lehiakideak ere. Gure asmoa guztiak bildu eta Euskal Herriko txapelketa bat egitea litzateke», argitu du Alex Lonnek.

Azken urteetan Europa iparraldean, eta baita ekialdean ere, skateak indar hartu du, eta ondorioz, lehen izen handia zuten Ingalaterra edo Frantzia bezalako herrialdeak protagonismoa galtzen hasi dira, nahiz eta oraindik indar handia izaten jarraitzen duten. Donibane Lohizuneko Beheran skaterraren ustez «Euskal Herrian ere antzeko zerbait pasatzen da, erreleboa falta da», baina bere iritziz bada salbuespenik, Tim Debauche 16 urteko biarriztarra esaterako, «Street modalitatean junior kategoriako skatezale onenetako bat da Europa mailan eta horrela jarraitzen badu mundu mailan ere nabarmenduko da».

Beteranoen artean, ostera, izen batzuk aipatzearren Alain Goikoetxea algortarra eta Javier Mendizabal leioarra goratzen ditu Beheranek. «Goikoetxea bowl modalitatean munduko lehen bost postuetan ibiltzen da eta egun Azkainen bizi den Mendizabal ere skate munduan oso ezaguna da», baina Donibane Lohizuneko skatezaleak ohartarazi duen moduan, «haien atzetik ez da izen handiko beste inor sortu Euskal Herrian». Horregatik, bai Beheran eta bai Lonne ados dira gauza batean: «Euskal Herriko skate txapelketa bat desiragarri bakarrik ez, harremanak sendotu eta maila trinkotzeko ere lagungarri izango litzateke».