INFO

Nati Ovelleiro, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea, izango da pregoilaria

Nati Ovelleiro Sacristan izango da Aste Nagusiko pregoilaria. Udalaren Jai Batzorde Mistoak joan den astean 2017ko Aste Nagusiko pregoilari ofizialtzat aukeratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren ordezkari gisa arituko da eta abuztuaren 19an Bilboko jaiei hasiera emateko pregoia irakurtzeaz arduratuko da. Askapeña konpartsa internazionalistako Ane Ortiz izango da txupinera.

Nati Ovelleiro eta Ane Ortiz. (Bilboko Udala)

Nati Ovelleiro Deustun jaioa da 1965ean eta Ibarrekolandako auzokidea. Udalak bidalitako oharrean nabarmentzen dutenez, Ovelleiro irakaslea da Bilboko ikastetxe batean eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da, 2016ko otsailean sortu zenez geroztik.

«Sektore guztietako 100 bat elkarte eta hainbat herritar biltzen dituen plataforma hau errefuxiatuek eta migratzaileek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketa larriei aurre egiteko eratu zen, herriak eta hiriak harrera leku bihurtzeko asmoz», nabarmendu dute.

Bestalde, Bilboko Konpartsek Askapeña konpartsako Ane Ortiz Ballesteros izendatu dute Aste Nagusiko txupinera izateko. Bilbon 1989an jaioa eta Uribarri auzoan hazia, Ane Ortizek berdintasuneko teknikari eta sexologo gisa lan egiten du. Ane Ortiz arduratuko da 2017ko Aste Nagusiaren hasierako txupina jaurtitzeaz, Arriaga Antzokiko balkoian, abuztuaren 19an, larunbata.

2017ko Aste Nagusia, abuztuaren 19tik 26ra bitartean ospatuko da.