INFO

Burujabetza ezak dakartzan arazoak agerian utzi ditu Aitzinak «inposatutako jai egunean»

«Burujabe izateko, guk Euskal Herria» lelopean, manifestazioa egin du Aitzina gazte erakundeak Donibane Lohizunen, uztailak 14 «inposatutako jai egunean». Hiru ekintza burutu dituzte banketxe baten eta turismo bulegoaren aurrean, eta hondartzan. Euskal gazteriaren hautua Euskal Herria dela argi utzi nahi izan dute.

Independentziaren aldarria Donibane Lohizuneko hondartzan, Aitzinaren eskutik. (Bob EDME)

Uztailaren 14aren karira, Aitzina gazte erakundeak manifestazioa egin du Donibane Lohizunen, «Burujabe izateko, guk Euskal Herria» lelopean. Independentziaren eta burujabetzaren aldarrikapena izan du ardatz mobilizazioak, eta burujabetza ezak dakartzan arazoak irudikatzeko hiru ekintza egin dituzte gazteek. Zutabe bat herrian barrena ibili den bitartean, bestea Hondartza Handira joan da, independentziaren aldarrikapena zabaltzera.

Lehenean, Societe Generale banketxearen bulegoan Emmanuel Macron presidente frantsesaren eta Medef patronalaren buruzagiaren irudiak itsatsi dituzte eta arrautzak bota dizkiete.

Handik turismo bulegora abiatu dira, eta ‘Mission Pays Basque’ filmari izenburua aldatu eta ‘Mission Speculation & Folklorisation’ izenburua zuen afitxak ezarri dituzte atean, estereotipoak barreiatzen dituen pelikula dela salatzeko. Lurrean piperrak ere zabaldu dituzte.

Independentziaren aldarria hondartzara eraman ondoren, manifestazioa egin dute Donibaneko kaleetan, eta Louis XIV.aren plazan bukatu dute. Han Aitor Servier bozeramaileak hartu du hitza eta euskal presoak gogoratuz eta Hiriburun konponbidearen alde gose greban dauden lau gazteei «besarkadarik beroena» igorriz hasi du ekitaldia.

Aitzinako ordezkariak gogoratu duenez, erakundea sortu zenean «denak gira euskal gazteria» aldarria hedatu zuten, eta orain berriz «Guk Euskal Herria». Bi aldarri horiek borrokak lotzen dituela eta horiek praktikara eramateko «zinezko lana» gazteriari dagokiola adierazi du. «Gazteri anitz eta zabalaren kemenez, eskuz-esku, gure herrian eraikiko ditugu aske eginen gaituzten alternatibak». 

Alternatiba horien eredu gisa, Domintxaine, Gabadi eta Barkoxeko laborariak eta haiek defendatu zituzten herritarrak eta EHZ festibala jarri ditu. «Auzolana eta elkartasuna izanen dira herri honen ipar-orratza», esan du.

Aurrera begira eta gazteen arazoei erreparatuta, hiru erronka aipatu ditu: feminismoa, euskara eta etxebizitza. Servierrek antolatzeko deia egin dio gazteriari, «nehori baimenik galdegin gabe, gazteon nahi eta beharrei erantzunen dien herri eredua erakitzeko».