INFO

Donostiako Piratek kanporatu egin dute eraso sexistak burutu dituen mugimenduko kidea

Donostiako Piratek kanporatu egin du mugimendu horretako kide bat, eraso sexistak burutu dituela-eta. Gertatutakoa oso larritzat jo dute eta erasotutako emakumeei babes osoa adierazi diete. Barne prozesu bat iragarri dute, erasorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko.


Donostiako Piratek oharra kaleratu dute, mugimendu horretako kide batek egin dituen eraso sexistak direla-eta kanporatu egin dutela jakinarazteko.

Sortuk herenegun jakinarazi zuen Donostiako militante ezagun bat ezker abertzaletik kanporatzeko prozedura martxan jarri zuela, «emakumeen kontrako abusu-praktika jarraitu bategatik».

Pertsona hori Piraten mugimenduko kide izaki eta «gertaeren larritasuna» ikusita, mugimendutik eta Piraten «gune guztietatik» kanporatzea erabaki dute. «Ez da onartua izango mugimenduko partaide gisa eta ezingo du inola ere Piratek antolatutako ekimenetan parte hartu, ez aktiboki ezta pasiboki ere».

Barne prozesua martxan

Piratek nabarmendu dutenez, «gure espazioak gune askeak izatea nahi dugu, pertsona guztien sentitu behar dute eroso bertan, hori lortzeko lan egiten dugu». Horregatik, horrelako jarrerak ez dituztela onartuko ziurtatu dute.

Eraso sexistak jasan dituzten emakumeei babes osoa adierazi diete Piratek. Gertatutakoa oso larritzat jo dute eta barne prozesu bat martxan jarrtzeko konpromisoa hartu dute, «halako erasorik edo bestelakorik berriz gerta ez dadin neurriak hartzeko».