INFO

Presoen alde Hatortxu Rocken egingo den ekitaldira joateko deia egin dute Kalera Martxatik

Beren ibilbidean eten bat egin eta ekitaldi politiko bat egin dute Kalera Martxako kideek Lekeition. Bertan, besteak beste, hilaren 30ean Hatortxu Rock jaialdiaren baitan egingo den euskal presoen aldeko ekimenera joateko deia egin dute.

Este navegador no soporta el elemento video.


Pixkanaka, bere bidea egiten jarraitzen du Kalera Martxak. Herenegun eman zituen bere lehenengo urratsak, Gernikatik Bermeorako bidea eginez, eta atzo iritsi zen Lekeitiora. Hain zuzen, ekitaldi politiko bat egin dute bertan larunbat goiz honetan, martxa berriro abian jarri aurretik.

Euskal presoak euskal herriratzearen aldeko ekimena egin dute, Abaroa jauregiaren parkean. Lore gorri eta zuriz inguratuta, «Euskal Presoak Euskal Herrira» sinbolizatzen duen mapa geziekin landatu dute martxalariek.

Oier Lorente Kalera Kalera dinamikako kideak egin ditu adierazpenak medioen aurrean. Adierazi duenez, loreak landatu dira Guernica koadroko loreak sinbolizatzen duen esperantza iturri gisa. «Gure herriak merezi du itxaropena», adierazi du.

Lorenteren esanetan, Euskal Herrian ez da normalizazio politikorik izango «preso, iheslari eta deportatuak etxeratzen ez diren bitartean». Horretarako, instituzio, eragile eta herritarren arteko akordioak beharko direla azpimarratu du, baina inplikazioa eskatu ere.

Inplikazio horien artean, EPPKren ahalegina nabarmendu du, kolektiboak garatutako eztabaida prozesuak eta honen ondorioek presoak kaleratu ahal izateko gakoak mahaigaineratu dituztela esanez.

Era berean, uztailaren 30ean dispertsioaren aurka egingo den Hatortxu Rock jaialdian egingo den ekitaldi nazionalera bertaratzeko deia egin du. Izan dute martxalariek Hiriburun gose greba amaitu berri duten kideekiko elkartasun keinurik ere: ur botilak eskutan hartuta argazkia atera dute.

Flandriako laguna

Bazkal ostean abiatu da martxa Ondarroara, bihurgunez betetako errepidean barrena. Laurehun lagun inguru elkartu dira eta tartean flandriar bat ere bazen, Karel Sterckx, 15-16 inguru zituela Euskal Herrira etortzen hasi eta ordutik urtean behin baino gehiagotan etortzen dena. Oporretara etortzekoa zen udan eta martxaren berri izan zuenean parte hartzea erabaki zuen.

Martxa 18:45 aldera iritsi da Ondarroara. Harrera beroa egin diote lehenengo trikitilariek eta ondoren txistulariek. Ibon Iparragirre gaixotasun larria duen herriko presoa kaleratzearen aldeko pankarta martxaren buruan zela, zubi zaharrerainoko bidea egin dute, txistulariek lagunduta eta kantuz.

Marmitakoaa afalduta festarako parada izango dute Tajon Prieto taldekoekin Ondarroan bildu direnek, eta bihar 11.30 aldera ekingo diote Mutrikurako bideari.