INFO

Aldapan gora, aldapan behera kaleak eta mendiak batu ditu Kalerak Deba eta Getaria artean

Bostgarren etapa izan da Debatik Getariarakoa. Aurreko egunetan martxan ibili diren askok erreleboa eman diete gaur bildu diren martxistei. Egun guztiak daramatzatenen artean nekea ere hasia pilatzen, baina kemenik ez zaie falta.

Egun gogorrena izan dute gaur martxistek Deba eta Getaria artean. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Etapa gogorrena izan da gaurkoa. Aurreko egunetan errepidetik egin badira ibilbide guztiak, gaurkoan mendia izan da nagusi. «Gaurkoa gogorra izango duk» aipatu du martxista batek Deban kafea eskuan zuela. Tajon Prietoren ‘Kalera kalera’ kantarekin dantzan eta kantuan hasi dute bidea. Ez luzerako. Aldapa latza izan dute hasi orduko.

Deba eta Zumaia arteko flysch-aren ibilbidetik egin da zati handia. Giro kazkarra zela eta Itziar arteko ibilbidea moldatu behar izan dute antolatzaileek. Basajaun gogoan, Itziartik Mendatako puntara joan eta Sakonetarako bidea hartu dutenean hasi dira komeriak. Lokatzarekin pauso bat aurrera eta bi atzera. Itsasoan ikusitako zaparrada berehala iritsi da lehorrera.

Elorriagako kanpan fruta, ura eta langostinoak! hartuta indarrak batu eta Zumaiarainoko bidea egin dute. Atzerapenez iritsi da martxa kostako herrira. Harrera beroa eta bazkaria ere halakoa. Patatak errioxar erara.

Arratsaldean Getariarainoko bidea egin du martxak errepidetik euripean. Bozina hotsik ez da falta izan, elkartasunez. Elkanoren herrian Haimar Altuna Sortuko Gipuzkoako arduradunak hartu du hitza. Martxan ematen ari garen urrats bakoitzarekin eta motzean iritsi daitezkeen urrats berriekin «zalantzarik ez izan», presoak kaleratzeko urratsak ematen ari garela esan du. EPPKren bakearen eta askatasunaren aldeko konpromisoa goraipatu du. «Beste behin ere erakutsi digute gure herriaren alde eta independentziaren alde behar dena egiteko prest daudela».

Erromeria izan dute Getariara heltzerakoan eta afalostean Ugandako abesalarian bisita jaso dute.