INFO

Milaka edalontzi milioika plastikozko baso alboratzeko

Edalontzi berrerabilgarria jada bestetako ohituretan txertatu da. Milaka ekoizten dira urtero, eta erabilera bakarreko milioika plastikozko basok zaborretan edota Errobi eta Aturri ibaietan bukatzea ekiditen da.


Ofizialki 2011ko festetan ezarri zuen Udalak edalontzi berrerabilgarriaren derrigortasuna eta Lapurdiko hiriburua izan zen halako erabaki bat hartzen lehen euskal hiriburua. Aldez aurretik, halere, izan ziren bide hori urratzen hasi ziren hainbat esperientzia, Baso Berri ekimenarena, esaterako.

2005ean EHZ festibalak jarri zuen abian estreinakoz, eta urte hartan ere Alternatiba kooperatibak ekoitzitako basoak presente izan ziren Baionako jaietan. Peña eta elkarte gehienek ere laster egin zuten bat desmartxarekin.

Ostalari eta tabernariak uzkurrago izan ziren, baina azkenean haiek ere Herriko Etxeko deliberoari men egin zioten. Geroztik, izan ostalari edo bestazale, jaietan ere ingurumenari egiten zaion kaltea ezinbestean murriztu beharra dagoela jabetuz joan dira eragileak.

Izan ere, erabilera bakarreko plastikozko sei milioi baso inguru aurrezten dira edizio bakoitzean eta, bide batez, bost egunetan jasotzen diren hondakinen %7. Edaria eskatzerakoan, euro baten truke, edalontzi berrerabilgarria ematen da.

Basoa itzultzerakoan, euroa berreskuratu daiteke edozein ostatu edo tabernatan. Zikina baldin badago, edaria eskatzerakoan beste berri batengatik aldatzeko aukera ere dago.

Baso bakoitzeko 150 garbiketa

Jaietan mota horretako 2 milioi baso banatzen dira eta 50 pertsona aritzen dira biltze eta banaketa lanetan. Erabilien garbiketaz, berriz, 80 bat pertsona arduratzen dira orduko 15.000 edalontzi garbitzeko ahalmena duten lau ikuzgailu baliatuz.

Baso berrerabilgarriaren garbiketa 60 gradutan egiten da, urberritzea 80ean eta lehortzea 100 gradutan. Edalontzi bakoitzak 150 garbiketa jasan ditzake.

Azken urteetan ekoitzitako edalontziak urteko besten afixaren irudia darama inprimatua eta gero eta jende gehiagok eramaten du etxera oroigarri moduan edo bilduma egiteko. Horri esker finantzatzen da, batez ere, sistema hau.

Baionakoak besta ezagunenak eta masiboenak izaki ere, beste jai edo ekitaldi jendetsuetan ere baso berrerabilgarriaren erabilera sustatzeko hainbat ahalegin ere badira.

Hala, duela bi urtez geroztik, Ipar Euskal Herriko hondakinen bilketa eta tratamenduaz arduratzen den Bil ta Garbi sindikatuak elkarte eta festa antolatzaileei alokairuan eskaintzen dizkie edalontziok, ekitaldietan erabiltzeko aukera emanez. Hobeto esanda, doan uzten dizkie. Hori bai, antolatzaileak edalontzi bakoitzeko euro bat utzi behar du berme moduan, eta basoak itzultzerakoan diru ekarpen hori bueltan jasotzen dute.

Eco-Cup enpresa arduratzen da zerbitzu honen kudeaketaz (biltegia, banaketa, bilketa, garbiketa). 2015ean “Ez nazazu bota” leloa zuten 50.000 baso atera zituen eta bi urtean 738.000 erabilera izan dira, plastikozko 4,8 tona basorena ekidinez.

Berrikitan, Bil ta Garbik 100.000 edalontzi berri erostea deliberatu du. Hasieran ez bezala, oraingoan, ez du ahaztu leloa euskaraz ere jartzea.