INFO

Zinemaldiak euskarazko film bat izango du lehian berriro Garaño eta Arregiren ‘Handia’rekin

Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Handia’ filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da irailaren 22an abiatuko den edizioan.


Madrilen egin du Zinemaldiak Estatuan ekoiztu diren filmeen aurkezpena. 11.00etan abiatu da prentsa agerraldia, baina minutu batzuk lehenago, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek baieztatu dute ‘Handia’ Sail Ofizialean lehiatuko dela. Hartara, aurtengoan ere lehia ofizialak euskarazko film bat izango du. Aurretik ere sail berean egonak dira ‘Loreak’ filmarekin. 

‘Handia’k Migel Joakin Eleizegiren bizitza du oinarri. ‘Altzoko handia’ bezala ezagun izan zen pertsonaia garaiera handiko gizasemea izan zen, erraldoitasunak eraginda. 2,27 metroko altuera izatera iritsi zen eta ez ohiko ezaugarri hark nazioartean bidaiatzera eraman zuen.

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den euskarazko hirugarren pelikula da ‘Handia’, ‘Loreak’ eta ‘Amama’ren ondoren.

Sail Ofizialean lehen aldiz telesail batek parte hartuko du, lehiaketatik kanpo: ‘La peste’, Alberto Rodriguez zuzendariarena. Sei kapituluko thriller-a da eta lehen biak Donostian estreinatuko dira.

Koldo Almandoz zinemagilea aurten ere Zabaltegi-Tabakaleran ikusiko dugu, Kimuak 2017n hautatutako ‘Plágan’ lanarekin. Iaz ‘Sipo Phantasma’-rekin lehiatu zen.

Borja Cobeaga donostiarraren laugarren film luzea, ‘Fe de etarras’, Belodromoan izango da ikusgai. Javier Camara, Julian Lopez, Miren Ibarguren eta Gorka Otxoa ditu protagonista.

Belodromoan, gainera, Antonio Cuadriren ‘Operacion Concha’ endredozko komedia estreinatuko da. Zinemaldian girotua dago eta Jordi Molla eta Karra Elejalde dira aktore protagonistak. Donostia eta inguruetan grabatu zuten.