Emakume ahotsa lau haizetara, Hatortxuren bigarren egunean
Eguzkiak gogor berotu zuen atzo Lakuntzan. Zuzeneko musika eguerdian hasi zen zabaltzen, eta etenik gabe entzun ziren elkartasun akordeak. Ostiralarekin jende gehiago sumatu genuen Beriain mendiaren magalean.
Kafe beroa esnatzeko, eta txorizo pintxo bat. Prest gaude berriz. Eguerdiko 12.30ean Lurra taldea taularatu da Lakuntzako plazan. Egunean zehar hauxe da agertoki nagusia.
Hatortxuko lehen goiza da, eta bart gaueko parrandaren ajeak nabari dira. Burumakur beren zapatilei begira sumatu ditugu gaupasero batzuk; halere, musika gosez diren gazteak nagusi dira herrian.
Azken boladan isil samar izan eta gero Lurra taldea bueltan da, eta horrek poztu egin gaitu. Iñigo Muguruzaren azken egitasmoa martxan da berriz, eta Lakuntzako plazako karpa azpian aritu dira zuzenean. Lehen diskoko kantuak jo dituzte nagusiki, tartean bertsioren bat ere bai.
Eguerdiko tartea bazkaltzeko aprobetxatu dugu. Talo goxo bat, xingarra eta gazta. Eta eguneko bigarren kafea. Txupitorik ez. Arratsaldeko lauretan taularatu da Anari banda. Ikusleen zati handi bat lurrean eserita dago, baina hitzez hitz abesten dituzte kantu guztiak.
Geroxeago, herrigunean geratu gara tarte batez Occhi di Farfalla laukoa ikusteko; izan ere, bateria-jotzaile berriarekin datoz emanaldi honetarako. Europan zehar egin behar duten bira abiatzeko prest da laukoa, eta dena eman dute taula gainean. Liher ere herrigunean da. Donostialdeko banda emanaldiz emanaldi handitzen ari da. Kantuak hazten doaz, eta banda ere sendoago sumatu dugu.
Emakume ahotsak izan dira nagusi herriko plazan: Ane, Anari, Miren eta Lide. Abesteko lau era ezberdin, askotariko erregistroetan. Guztiak ahots ederrak! Hatortxuk asmo irmoa izan du emakumeen presentzia bermatzeko agertoki guztietan, eta saiakera hori eskertzekoa da.
Gatillazo
Herritik entzuten da Evaristoren ahotsa. Gatillazoren punka abian da agertoki nagusian. Bertara goaz ziztu bizian. Sekulako punk makina du ondoan abeslari mitikoak. Kantu zerrenda azken diskoetan oinarritu dute, eta La Polla Records taldearen pare batzuk ere jo dituzte.
Ordu berean metaleroentzako hitzordua jarri dute karpa azpian. Hibakhusa taldea gauzak txukun egiten ari da bertan. Musikari arituak biltzen dituen banda izan arren gaztetasunaren ilusioa dute nafarrek.
Mafalda taldea iritsi berria da Hatortxura. 19. edizioan hartu zuten parte lehen aldiz, eta 20.ean hemen dira berriz. Gainera, Hatortxuko kantaren moldaketa burutu duten, bere-berea duten ska, reggaecore musika eran. Reggaea, funka eta hardcorea kokteleran. Emaitza, berriz, bitxia eta erakargarria.
Lendakaris
Panda hartz zuri-beltzak bueltaka dabiltza noraezean: Lendakaris Muertos taldearen zaleak dira. Adituek hartz hauek desagertzear daudela diote, eta hara non agertu diren Lakuntzan milaka.
Amparo Sanchez ikusi dugu eskuetan maraka eta guzti. "El poder de Machin" diskoaren 20. urteurren biran murgildua da abeslaria. "Welcome to Lakuntza, tekila, sexo y marihuana" oihukatu dugu ozen, emanaldia hasi aurretik. Disko horrekin egin zen ezagun, eta kantuak egun beste moldaera batekin jotzen badituzte ere, sekulako kantak daude bertan. “Hacer dinero, “En la calle”, “Que te den”…. bata bestearen atzetik jo ditu!
Lerro hauek ixterakoan Betagarri taldea soinu probetan zen, bere musika ibilbidearen azken kontzertua eskaintzeko prest.