INFO

Sei atxilotu Donostian 14 pertsona sexualki esplotatzeagatik

Jatorri brasildarreko sei pertsona atxilotu ditu Polizia espainiarrak Donostian, 14 pertsona sexualki esplotatzea leporatuta. Iturri polizialen arabera, osasun eta higiene egoera «tamalgarrian» aurkitu dituzte biktimak.


Familia arteko klan bat da Polizia espainiarrak Donostian atxilotu duena, sei pertsonez osatutakoa. Brasilgo gune pobreetan biktimak bildu eta Estatu espainiarrera eramaten zituzten, Barne Ministerioak adierazi duenez.

Pertsona transgeneroak eta emakumeak dira biktimak, 14 guztira, eta osasun eta higiene egoera «tamalgarrian» aurkitu dituzte polizia iturrien arabera.

Ustez, atxilotuak arduratzen ziren beren biktimak Estatu espainiarrera hegan egin zezaten behar zuten tramitazio guztiaz. Aurrez, baina, Europako beste herrialderen batean egiten zuten geldialdia, susmorik ez aireratzeko. Alemanian, besteak beste, biktimak ezkutatzeko pisuak zituzten.

Behin Donostian, biktimei adierazten zieten eurekin zorretan zeudela; zor hauek 5.000 eta 15.000 euro bitartekoak izan ohi ziren. Hala, prostituziora behartzen zituzten.

Atxilotuek mota guztietako zerbitzu sexualak eskaintzen zituzten, batez ere pertsona transgenero eta emakumeak erabiliz, eta eguneko 24 orduetan zehar. Hala, biktimek egun osoz egin behar izaten zuten lan, eta euren irabazien %50a eman behar izaten zieten organizazio kriminaleko kideei. Bestalde, hilean 100 euro ere ordaindu beharra izaten zituzten, mantenu eta publizitate kontuak aitzakiatzat hartuta.

Euren aginduetara zeuden pertsonen dokumentazioa atxikita izaten zuten organizazioko kideek, eta biktimak une oro euren borreroen kontrolpean zeuden etxebizitzetan bizitzera ziren behartuak. Gainera, drogak hartzera behartzen zituzten, baita euren bezeroei erraztera ere.

Ikerketaren arabera, gutxienez 35.000 euro bidali zituzten atxilotuek iragan urtean Brasilera.