INFO

Baionako besten gaineko balorazio baikorra egin dute

Igaro berri diren bestek milioi bat bestazale erakarri dituztela aditzera eman du Jean-Rene Etchegaray alkateak. Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak, bere aldetik, hiru sexu eraso salatu direla «baina bi bortxaketen gaineko konfirmaziorik ez dagoela» jakitera eman du.

Segurtasun kontrolak, Baionako bestetako haurren egunean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Catherine Seguin suprefetari egokitu zaio segurtasun plangintzak utzitako zifren bilduma nagusia aurkeztea. Milatik gora agentez osaturiko ezohiko dispositiboak emaitza onak eman dituela-eta, baikorki mintzatu  da estatu ordezkaria, «istripu larririk ez» dela deitoratu behar izan nabarmenduz.

Bere ondotik, Jean-Rene Etchegaray auzapezak eta Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak hartu dute hitza. Azkeneko honen hitz-hartzeari so ziren, gehienbat, hedabideak, hain zuren ere, indarkeriari buruzko salaketen bilakaeraren berri ematea bere ardura delako.

Azken hiru urteetan, bereziki, sexu askatasunaren aurkako delituak Polizia Judizialaren esku geratu direla azaldu ostean, «horri esker ikerketaren epeak eta emaitzak azkarrago eskuratzen direla» adierazi du fiskalak.

Sexu erasoak

Hartara, zehaztu duenez, azken besten karietara eraso sexistak direla-eta hiru salaketa ikertu dituzte. Lehena kalean «ukitu arinak» pairatu zituen emazteak aurkeztu zuen. Beste bi kasuetan «bortxaketa salatu zuten bi emaztek, nahiz eta delitu horien gaineko konfirmaziorik ez dagoen gaur-gaurkoz». Prokuradorea bi salaketa horiei garrantzia kentzen ahalegindu da, esanez hasieratik bi kasuetan emazte horiek beren borondatez joan zirela ustezko gehiegikeria gertatu zen apartamentuetara. Ikerketaren arabera, salaketa horietako bat «ezin da bortxaketa bezala kalifikatu». Bigarren salaketa herenegun jarri zuten Pauen eta ikerketa abian da.

Horretaz gain, bestetan bortizkeria ekimen handirik gertatu ez delako pozik agertu da  Vuelta-Simon, eta gaineratu du lapurretak direla gehien kezkatzen duten delitua.

Jean-Rene Etchegaray auzapezak, bere aldetik, iazko jende hutsunea gainditutzat jo du. Aurtengo bestetan duela bi urteko zifrak berreskuratu direla-eta.

Garraio erabileraren datuak eta, bereziki, hirian ezarritako bederatzi puntuetan aurten lehen aldiz eginiko zenbatzea aintzat harturik, bestetan izan den parte-hartzearen balorazioa ezagutarazi du. Orotara Baionan bost egunetan milioi bat bestazale baino gehiago bildu direla azaldu du alkateak.

Zenbaketa horren helburua bestetako benetako dimentsioa neurtzea izanik ere, ondoko urteari begira bestelako neurriak hartzea ezin da baztertu. Etchegarayk agerraldian zehazki horrela aitortu ez badu ere, bestazaleei sarrera ordainarazteko aukerari buruz gogoeta zabalik omen du Herriko Etxeak.