INFO

Uztailak 202 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Uztailaren amaieran 202 langabe gutxiago zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Gipuzkoa eta Araban jaitsi egin den arren, langabezia erregistratuak gora egin du Bizkaia eta Nafarroan. Guztira 167.005 pertsona zeuden lanik gabe, iaz epe berean baino 23.065 gutxiago.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Uztailaren bukaeran 167.005 pertsona zeuden langabezian Hego Euskal Herrian, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera. Aurreko hilabetearekin alderatuta, 202 langabe gutxiago dira, eta urteko eboluzioari erreparatuta, 2016ko uztailean baino 23.605 gutxiago.

Herrialdeka, jaitsierarik nabarmenena Gipuzkoan eman da ekainetik uztailera: %1,09 egin du behera. Guztira 34.143 langabe zenbatu dituzte, 375 gutxiago. 

Arabaren kasuan, jaitsiera %0,96koa izan da, uztailaren amaieran 21.195 langabe zenbatu baitituzte, 205 gutxiago.

Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, gora egin du langabezia erregistratuak.

Nafarroan, zehazki, 35.133 pertsona zeuden uztailaren amaieran enplegu bulegoetan izena emanda, 195 gehiago. Tasak %0,54 egin du gora.

Bizkaiaren kasuan %0,24 egin du gora langabezia erregistratuaren tasak. Guztira 75.534 langabe zenbatu dituzte, aurreko hilabetean baino 183 gehiago.

Iazko uztailetik hona, langabeziak nabarmen egin du behera lau herrialdeetan. Gipuzkoan %10,74 jaitsi da, Araban %8,01, Nafarroan %8,77 eta Bizkaian %5,79.

Estatu espainolari dagokionez, langabezia erregistratuak ere behera egin du uztailean. Zehazki, 26.887 langabe gutxiago zenbatu dituzte, %0,80 jaitsita. Orotara 3.335.924 pertsona daude enplegu bulegoetan izena emanda.