INFO

Ternua 2017 espedizioa, Saint-Pierre eta Mikelune zerumugan

1992an, Kanadak moratoria ezarri zuenean, Saint-Pierre eta Mikeluneko ostatuetan kantuz ibiltzen ziren euskal arrantzaleak desagertu egin ziren. 400 urteotako historiaren errotik, Ternua eta uhartediaren arteko bidea traineruz egin du Indianoak elkarteak.


Itsasoan. Lamaline eta Fortune artean. Gaur arraunean ibili naiz». Rafa Zulaikak telegrafista baten eran erantzun dio gure e-mailari. Ternuarako bidea hartu aurretik, hitzordua adostu zuen GARAk Indianoak-Ibaialde elkarteko kideekin, Angelun. Abentura hastear zelarik, batzuek eta besteek beren asmoak eta zalantzak azaldu zizkiguten. Anartean, uztailaren 28an Placentiako portutik abiatu zen trainerua arraunkadaz arraunkada helmugara hurbildu da. «Laino artean hasi zen bidaia, eta hainbat eguneak haizeak zakar jo du», azaldu du Harbour Bretonetik 21 arraunlariz osaturiko ontziko patroi Paula Charronek nfo7 Irratian. Ibaialde arraun taldearen egoitzan, bidaiaren azken prestaketetan ari zela, aurreikuspen bera egin zigun Michel Lastirik. «Oso bestelako itsasoa da hangoa, ura oso hotza da, eta laino aski pisua», deskribatu zuen orduan.

Duela hamarkada bat bururatu zitzaion Ternua eta Saint-Pierre eta Mikelun arteko itsas bidaia egiteko ametsa. 1980ko hamarkada hasieran Ipar Atlantikoko uhartedian sukaldari aritu zen. Esperientzia hark bizitza markatu zion. Antzina balea ehizatzera eta iragan hurbilean bakailaoa harrapatzera joan ziren euskal arrantzaleen historiak ezagutu zituen bertan. «Kontu zaharrak dirudite; alta, Kanadako gobernuak arrantza moratoria aldarrikatu zuen arte, 1992ra arte, euskal arrantzaleek urrutiko itsaso horretan jardun zuten, eta azkenetako batzuk ezagutzeko parada ukan nuen 1983an», gogoratu du larresoroarrak.

Itsasoaz haraindiko lurretan lehenagotik ere ibilia da Lastiri, Ibaialde elkartearekin batera aurreko bi zeharkalditan parte hartu baitu. Hain zuzen, 2003an eta 2013an, Angeluko arraun taldeak bultzaturik, Quebec aldera joan ziren bi espedizioetako partaide izan zen Lastiri. Lehenengo itsas bidaiak Sept Iles eta Trois Pistoles herriak lotu zituen San Laurendi ibaian zehar. Bigarrenean abentura Trois Pistoles herrian abiatu eta Quebeceko hiriburuan, Montrealen, amaitu zen. Orotara, mila kilometrotik gora egin zituzten orduan indiano berriek.

Erronka gero eta handiagoa

Izan ere, arrantza handiaren erreferente izan ziren kaiak, Placentia eta Saint-Pierreko kaiak, traineruz lotzeko egitasmoak zerumuga berria marraztu du. Horretaz jabetzeko zifrak baizik ez dira begiratu behar.

Itsasoak hala nahi badu, bihar amaituko den bidaia honetan 400 kilometroko ibilbidea egingo dute, horretarako milioi bat arraunkada emanez. Batez beste, lau eta sei oren artean eman dituzte egunero arraunean, nahiz eta «itsasoaren egoeraren arabera, ez den batera harritzekoa etapak luzeagoak egin behar izatea», egin du zehaztapena Lastirik. Berarekin batera solaskide izan dugun Iñaki Rojok eguneko lanari erreparatzen dio, alegia. Zarauzko arraun taldean jarduten duen donostiarrak ez du bere kezka ezkutatzen.

«Ura sei graduan, laino zeharo itxia, haize zakarra... bistan da horiek ez direla guk arraun egitera goazenean Kantauri itsasoan aurkitzen ditugun baldintzak, baina niretzat bada, ordea, beste galdera bat: jakinik arraun egiteko postura ez dela batere erosoa nola sentituko ote gara hainbeste ordu jarraian arraun eginez?».

Lasaitze aldera, 2-3 orduro txandakatzeak aurreikusiak zirela esan zuen Lastirik. Egunero 40 bat kilometro egiteko xedez, zazpi lagunez osaturiko hiru multzo egin dituzte. Segurtasuna bermatzeko, hiru itsasontziren laguntza izan dute zeharkaldi osoan zehar. Horren gehigarri gisa, lehorrean laguntza taldeak antolatu dituzte mikelunarrek.

«Hau bezalako proiektua ondo ateratzeko hamarka lagunek esku hartzea beharrezkoa da eta sostengu hori etengabe sentitu dugu» azaldu du Rafa Zulaikak, espedizioaren komunikazio lanetan aritzen denak. Erakunde publiko eta pribatuen sostengua jaso duen espedizioak 200.000 eurotik gorako aurrekontua izan du. Bizkai, Gipuzkoa eta, jakina, Lapurdiko lagunez osatu den eskifaiak bidaian erabilitako trainerua han uzteko asmoa dauka. Agian, opariak arraunlari taldea sortzeko grina piztuko du. Berez, Quebecetik etorritako lagunen eskutik arraunean ibiltzeko lehenengo eskolak jaso dituzte uhardikoek zeharkaldi honen aitzakiaz.

Ameriketako lehenengo pilotalekua

Ternua 2017 espedizioak laguntzaile berezia izan du: Saint-Pierre eta Mikeluneko Euskal Pilota Ligaren babespean jardun dute. Espedizioaren segurtasunaz arduratzeaz gain, arraunlarien aterpetzea bere gain hartu du Zazpiak Bat, Itsasoareak eta Miquelontarrak elkarteak batuta 1986an sortu zen pilota elkarteak. Jakin behar da uhartedi horretan eraiki zela Ameriketako lehenengo euskal pilotalekua. 1902. urtean eraiki zuten eta egurrezkoa zen. Horren ordez, 1963an, goialdean Zazpiak Bat izena duen harrizko pilotalekua egin zuten.

Euskal pilota txapelketa antolatzen duen elkarteak 210 bat kide ditu gaur egun. Kirola sustatzen jarduteaz gain, udaberrian bertan antolatzen den euskal bestaren antolatzaileeetako bat da. «Euskal nortasuna berpizten ari da lurralde horretan», baiteztatu du Baionatik Eusko Diaspora elkarteko kide Oihana Zamponik. Horren adierazle, heldu den urtean Saint-Pierreko Euskal Etxeak ateak zabalduko ditu. Ekimen horren atarian, Ternua espedizioa euskal kulturaren enbaxadore gisa ari da azken egunotan. Arraunlariak heldu aitzin 4 tonako euskal produktuz osaturiko zamak Ternuarako bidea hartu zuen. Bi bazkari jendetsu antolatu dituzte euskal lurralde ezberdinetatik igorritako mozkinekin. Bestalde, Balea Irrintzi eta Brise Glace musika taldeek eta Orok Bat dantza elkarteak animazioa bermatu dute.

Ziburuko Itsas Begia elkarteko kide Mikel Epalza apaizak espedizioa agurtzeko idatzitako hitzek ondoko orduetan helmugara iritsi beharko lukeen ibilaldiaren xedea laburbiltzeko balio dute. «Indianoek emanen dituzten arraunkadek balio dezatela Ternuan desagertu ziren euskal arrantzaleak ohorean ezartzeko, baita kontinenteek banantzen dituzten ozeanoek herriak elkartzeko balio dutela agerian uzteko ere».