INFO
Entrevista
Nati Ovelleiro eta Ane Ortiz Ballesteros
Pregoilaria eta txupinera

«Aste Nagusiak zerbait berezia baldin badu, aldarrikapenak biltzen dituen gunea dela da»

Nati Ovelleiro (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Ane Ortiz Ballesteros (Askapeña) dira aurtengo pregoilaria eta txupinera. Pozik hartu dute izendapena eta pozik daude Aste Nagusiak duen izaerarekin. Izan ere, beren ustetan, gero eta jende gehiagok parte hartzen du jaietan, gero eta jende gehiago sartzen da konpartsetan, «lan egiteko eta, nola ez, jaiez disfrutatzeko».

Nati Ovelleiro eta Ane Ortiz Ballesteros, pregoilaria eta txupinera

Bi egun besterik ez dira falta Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko eta ez dugu aurtengo pregoilariarekin eta txupinerarekin egoteko aukera galdu nahi izan. Nati Ovelleiro Deustun jaioa da 1965ean, Ibarrekolandako auzokidea da eta irakasle aritzen da Bilboko ikastetxe batean. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da, 2016ko otsailean sortu zenez geroztik. Bestalde, Bilboko Konpartsek Askapeña konpartsako Ane Ortiz Ballesteros izendatu dute Aste Nagusiko txupinera izateko. 1989an jaio zen Bilbon eta Uribarri auzoan hazia da. Berdintasun teknikari eta sexologo gisa lan egiten du.

Nola jaso zenuten txupinera eta pregoilari izango zinetenaren berri?

Nati Ovelleiro: Batzorde mistotik bagenekien Ongi Etorri Errefuxiatuak taldea izatearen proposamena mahai gainean zegoela; orduan baietz esan genion proposamenari eta gerora gure artean erabaki genuen ni izatea, baina taldeko beste edozein izan ahal zen.

Ane Ortiz: Aurten berriz ere konpartsa guztiek geneukan aukera kide bat txupinera izateko; egia esan, ez genuen espero konpartsa guztiak sartzen ginen zozketan gu irtetea. Gainera, aurten urte garrantzitsua da Askapeñak 30 urte betetzen dituelako. Konpartsakideok batzarra egin genuen eta ni izango nintzela erabaki zen.

Komunikabideen atentzioa jasoko duzue astebetez. Zelan daramazue hori?

N.O.: Ba apur bat lotsaz, baina beste alde batetik ilusioz beteta nago, badakigu hau horrela dela, azken finean Aste Nagusiak hiru pertsonaia nagusi ditu eta guk horietako bi ordezkatuko ditugu. A.O.: Natik esandakoarekin bat egiten dut. Azken finean ez gaude ohituta horrelako egoeran murgiltzera, baina egia da aukera bakarra dela; hortaz, nolabait aurre egin beharko diogu egoerari eta ahalik eta gehien gozatzen saiatu.

Nati, pentsatu duzu pregoia eta zuk, Ane, nori eskainiko diozun txupinazoa?

N.O.: Bai, pregoia prest dago dagoeneko, orain dela aste batzuk prestatu genuen. Talde lana izan da, guztiok ideiak bota genituen, eta azkenik, taldeko kide bat arduratu da ideia zaparrada guzti horri forma emateaz.

A.O.: Lehenik eta behin, bilbotar guztiei eskainiko diet, norberak erabaki dezala zeini eskaini eta aurten txupina bereziki eskaini nahiko nioke konpartsakide bati, aurten konpartsakide bat galdu dugu eta berarentzat izango da, argi eta garbi.

Jaietako zein atal duzue gustukoen?

N.O.: Azken urteetan, egunean zehar konpartsetatik poteatzen ibiltzea eta ekimenetan parte hartzea. Arratsaldean, suen aurretik egunak eskaintzen duen tarte horretan, lagunekin topatu eta bertan sortzen den giroaz gozatzea, ez dut ekitaldi berezirik behar ondo pasatzeko.

A.O.: Niri, egia esan, zaila egiten zait bat aukeratzea, Aste Nagusiak momentu zoragarri pila bat baititu. Txupinazo eguna izaten da egun indartsua, jaitsiera egiten dugunean, txosnetako bazkariak... Guztia- rekin disfrutatzen dugu; herri kirolak, kontzertuak, gau giroa... nik ez diot deusi muzin egiten (barreak).

Atzera begira jarriz gero, nola aldatu da Aste Nagusia?

N.O.: Lehenengo jaitsiera hura gogoratzen dut, jaia baino protesta bat izan zela jaiak antolatu ahal izateko aldarrikapena eginez. Ordutik hona Aste Nagusia aldatzen joan da eta momentura egokitzen. Akordatzen naiz lehengo txosnen muntaketak oso ezberdinak zirela, adibidez. Baina badaude gauza batzuk mantendu direnak, bere xarma mantendu du, jaiek herritik eta herriarentzat izaten jarraitzen dute.

A.O.: Natirekin bat eginez, gehituko nuke gero eta jende gehiagok parte hartzen duela, gero eta jende gehiago sartzen dela konpartsetan, lan egiteko prest dagoena eta, nola ez, jaiez disfrutatzeko.

Aurten eraso sexistak ekiditeko protokolo berria atera da. Zein da zuen mezua?

N.O.: Begira, elkarrizketaren aurretik biok komentatu dugu, kokoteraino gaudela urtero mezua bidali behar izateaz. Mezua bidali beharrik ez dagoen eguna heltzea nahi dugu, inolako erasorik ez dagoelako.

A.O.: Eta mesedez, jendeari eskatu, errespetuz aritzeko, ez bakarrik eraso sexisten bueltan ez dugula onartzen inolako erasorik, ez dugula nahi eraso homofoborik, xenofoborik edo ‘gordofoborik’. Aski dela, Nati eta bion desioa da aurten pankarta baten atzean jarri behar ez izatea eraso sexista bat edo beste eraso mota bat gertatu delako.

Biek arlo ezberdinetan elkartasuna sustatzen duten erakundeetako militanteak zarete. Zergatik? Badauka Aste Nagusiak elkartasunerako tarterik?

N.O.: Nik esango nuke era pertsonalean argi daukadalako, lehen militatzen nuen beste erakunde batean, Nikaragua herriarekiko elkartasunean, urteak eman ditut horretan lanean eta Ongi Etorri Errefuxiatuen taldean sartu nintzen konbentzimendu osoz, gertatzen ari dena salatu behar dela uste dudalako, eta gertatzen den bitartean hor jarraituko dut. Bai, nola ez, gure izendapena bera elkartasun mezu bat izan da.

A.O.: Bai, azken finean Aste Nagusiak zerbait berezia baldin badu, aldarrikapenak biltzen dituen gunea dela da. Hor dago gure adibidea, urte piloa daramagu internazionalismoa lantzen, hemengo aldarrikapenekin zein kanpoko borrokekin bat egiten. Horren harira, mundu guztia gonbidatu nahiko nuke Askapeñak bere 30. urteurrena ospatzeko urriaren 7an Berriozarren prestatu duen jaialdira.

Bilboko jaietan markatu zaituzten anekdota edo esperientziaren bat?

N.O.: Jo, beti izan dira bereziak niretzat, baina lehenengoak aipatuko ditut; nire amabitxiak euskal jantzia prestatu zidala akordatzen naiz, oso oroitzapen onak ditut jai haietaz.

A.O.: Nik, egia esan, momentu piloa dut gogoan, ziurrenik gehien markatu nauena konpartsakide izaten hasi nintzenekoa. Aste Nagusia bizitzeko modua baldintzatu zidan, hobera noski, eta hortik aurrera Aste Nagusia beste modu batean bizi izan dudalako.

Denbora librea izanez gero, zertan parte hartzea gustatuko litzaizueke?

N.O.: Ez dut uste denbora libre askorik izango dugunik, baina horrela izatekotan gustatuko litzaidake Ongi Etorri Errefuxiatu taldearekin egotea. Iaz poteo batzuk antolatu genituen, geure lehenengo urtea zen talde bezala Bilboko jaietan eta aurten ere beraiekin egotea gustatuko litzaidake.

A.O.: Niri ere gustatuko litzaidake nire konpartsarekin momenturen bat bizitzea. Aurten, adibidez, herrialde katalanen aldeko elkartasun eguna antolatu dugu, bertan «castellers»-ak egongo dira, Kataluniatik lagun piloa etorriko da, eta bazkaria eta kontzertuak ere izango dira. Gero, ahal den neurrian, nire konpartsakideekin disfrutatzea gustatuko litzaidake. Jada esan diet ea txandaren bat egitea posible izango dudan. Guzti hau ikusiko da, gure agendaren eta nekearen arabera.

Zer botatzen duzue faltan eta zer soberan Bilboko jaietan?

N.O.: Faltan... uste dut egitaraua nahiko beteta dagoela eta guk ere agenda nahiko beteta daukagunez, ez dut uste ekitaldi gehiago behar dugunik (barreak). Beti egon daitezke gauza gehiago, baina programazioa nahiko ondo eta nahiko beteta dagoela uste dut. Soberan daude zezenketak, baina hau oso pertsonala da.

A.O.: Bat nator Natirekin, azken finean Aste Nagusiaren eskaintza oso zabala da, gustu ezberdinentzat egina, baina egia da zezenketak adibidez ez ditugula nahi, animaliak jai giroan torturatzeak inolako lekurik ez lukeela behar uste dugu.