Txupinaren kalejira, ez dago jairako dei koloretsuagorik
Aste Nagusiaren arima dira eta jaietan eskarmentua dute. Bi osagaiokin, Bilboko konpartsek jairako dei itzel bihurtu zuten txupinaren aurreko kalejira, kolorez eta mezuz blai. Alde Zaharreko kale estuak besarkatuta, txupinerari eta pregoilariari Arriagako bidea erakutsi zieten konpartsetako kideek.
Ernesto Che Guevararen “Hasta la vistoria, siempre” lelo ezaguneko mezua moldatuz, “Jaira arte beti” izan zitekeen lasai asko atzo Bilboko konpartsetako ehunka kidek Bizkaiko hiriburuko kaleetan zabaldu zuten deia, Marijaia Arriagako balkoian agertu aurretik. Izan ere, txupin nagusirako dei ikusgarri bilakatu zuten kalejira konpartsek gaitero, txistulari, txaranga... doinuekin lagunduta.
Konpartsen buruan, txupinera eta pregoilaria zihoazen, irribarretsu, euforiko. Arriagarantz abiatu aurretik GARAri adierazi ziotenez, jaiak pizteko gogotsu zeuden, jasotako maitasun keinu ugariekin harrituta. Jaiekin lehen kontaktua «hunkigarria» egin zitzaiela onartu zuten. Alde Zaharrean sartuta, etengabe jaso zituzten argazkiak egiteko eskaerak, eta dantza egiteko orduan ez ziren ez atzean geratu.
San Antonera heltzearekin batera besarkada zaparradak jaso zituzten. Ane Ortiz txupineraren konpartsa kideek zabaldu zuten kalejira, elastiko berdea jantzita eta aurpegia bera ere marra berdez margotuta, gerrarako prest. Askapeñak ikur duen internazionalismoaren ordezkari bilakatu dira beraientzat oso bereziak izango diren jaietan. «Gu guztiontzat ohore bat da txupinera gure konpartsakoa izatea», onartu zuten.
Ortizen ondoan, irribarre zabaleko Nati Ovelleiro pregoilariak batzuk eta besteak agurtzen zituen, besarkada artean. Ohiturak agindu legez, aurreko Aste Nagusiko txupinerak piztu zuen kalejirari hasiera ematen dion txupina San Anton zubian. Handik aurrera, lehen eztanda kolektiboa eta jaizale tropa eroa dantzan, saltoka... Hala, suge formako ibilbidea osatu zuten jendez beteriko kaleetan, Marijaiari harrera egiteko prest.
Konpartsen kolore ezberdinetako elastikoekin batera, era guztietako kapelak, burukoak, apaingarriak, tutuak... jaiaren aldeko manifestaldi eroaren ikur bilakatu ziren. Alde Zaharreko kale estuetan barrena murgildutako konpartsetako kideak, plastikozko armek botatako ur ufadekin freskatzen ziren, eta, hainbatetan, ikusleak eurak ere busti zituzten ezustean. Errituala ezagutzen zutenak parrandarekin bat egitea erabaki zuten. Bisitari askok, hori bai, ez zuten euren harridura ezkutatzen, ez da-eta erraza jairako dei koloretsuagorik topatzea...