INFO

Merce, Ni Charra, Massi eta Kukai arituko dira Getxo Folk jaialdian

Getxo Folk jaialdia irailaren 28an abiatuko da. Jose Merce flamenko abeslaria, Niamh Ni Charra artista irlandarra, Souad Massi kantautore aljeriarra eta Kukai euskal dantza taldea izango dira saio nagusietan.


Guztira, hamaika kontzertu antolatu ditu jaialdiak, eta kaleko banden desfileak eta lankidetza eta kulturen aniztasuna bultzatzen dituzten jarduerak ere izango dira.

Saio nagusiei dagokienez, Niamh Ni Charra biolin jotzaile eta abeslari irlandarrak hasiko du jaialdia, irailaren 28an, Ibon Koteron albokariak eta Xabi Aburruzaga trikitilariak lagunduta.

Biharamunean, hilaren 29an, Jose Merce izango da protagonista, egungo abeslari flamenko ezagunenetako bat.

Kontzertu nagusien egitaraua borobiltzeko, Souad Massi abeslari aljeriarra eta Kukai dantza taldearen “Lotuneak” proiektu berria izango dira Getxon. Kukaik zenbait artistaren laguntza izan du ikuskizunean, besteak beste, Carlos Nuñez, Maria Berasarte eta Iñaki Salvadorrena.

Kontzertu horiez gain beste zazpi emanaldi ikusi ahal izango dira. Zehazki, 18.30eko saioetan, Aragoiko Trivium Klezmer hirukotea, Voces Navarras boskotea, Mara abeslari portugesa eta Madrilgo Bruna Sonora taldea arituko dira.

23.00etako kontzertuetan, berriz, Los Texmaniacs talde iparramerikarrak tex mex doinuak ekarriko ditu, eta Nakany Kante abeslari ginearrak Afrikako kantak eskainiko ditu.

Azkenik, “Musika ari du” haur ikuskizun didaktikoa ere izango da Getxon, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) hari laukotearen eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eskutik.

Ohiko kale banden desfileak ez dira faltako jaialdian, eta Eskoziako, Estatu frantseseko, Errioxako eta Getxoko bertako taldeak ibiliko dira aurten herriko kaleetan 19.30etik aurrera.

Irailaren 30ean, desfile handia abiatuko da Bizkaia Zubiko plazan hasi eta Kale Nagusian zehar; hor talde guztiek parte hartuko dute.

Antolatzaileek iragarri dutenez, jaialdiaren saio guztiak Areetako Geltokiaren plazan izango dira, haurrentzako ikuskizuna izan ezik. Ohi denez, saio nagusiak 21.00etan hasiko dira, eta 18.30ean eta 23.00etan ere kontzertuak izango dira.

Haurrentzako saioa urriaren 1ean izango da, Areetako Andres Isasi musika eskolan, 11.00etako eta 12.30eko emanaldietan.

Areetako Geltokian ere jarduera anitz egongo dira, esaterako, zenbait gobernuz kanpoko erakunderen eta elkarteren postuak bilduko dituen Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azoka eta hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza.