‘Submergence’ filmak zabaldu du Donostiako Zinemaldia
Maitasun historia bat da Wim Wendersen proposamena zinema jaialdia zabaltzeko. CIAko agente bat eta biomatematikari bat ditu protagonista.
Donostiako Zinemaldia gaur gauean abiatuko da ofizialki inaugurazio galarekin eta Wim Wendersen ‘Submergence’ filmaren emanaldiarekin. Gaur goizean, hedabideetako kazetariek eta publiko orokorrak pelikularen lehenengo pasea ikusteko aukera izan du. Arratsaldean, prentsaren aurrean agertu dira Wenders bera eta Alicia Vikander aktorea.
Zuzendari alemaniarrak thriller erromantiko bat eraman du Donostiara, Vikander bera eta James McAvoy aktorea protagonista dituen lanean. Filmean, biomatematikaria da lehenengoa, eta ingeniari hidraulikoa bigarrena, AEBetako zerbitzu sekretuetako agentea. Atlantiko ertzeko hotel batean ezagutuko dute biek elkar, baina nork bere proiektu profesionalak ditu eta bakoitzaren lanbideak bide desberdinak hartzera eramango ditu. Vikander (Dannielle) urpekari batean itsas azpian ikerketa garrantzitsu bat egitear da. James (izen bera du filmean), ordea, Somaliara joatear da, yihadismoaren aurkako operazio sekretu batean parte hartzekotan.
Wendersek mendebaldeko eta ekialdeko munduak bateratu ditu, sekulako argazkilaritza duen filmean, non isiltasunek garrantzia berezia duten, baita musikak ere, Fernando Velazquez getxoztarrak konposatua eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatua.
«Oso garrantzitsua da lokalizazioak ondo aukeratzea. Galiziako kostatik abiatu eta Norvegiaraino joan ginen», aipatu du Wendersek. Filmaren zati bat Djibutin grabatu zuten, ez baitzuten Somaliarako sarbiderik izan. Paisaia esanguratsuak batu ditu irudietan, Faroe irlenak, esaterako.
Lehia ofiziala ere zabaldu du lanak yihadismoa du hondoko gaietako bat. «Tamalgarria da Europa azken urteetan hain egozentrikoa izatea. Bere historian, definizioz, munduari zabalik egon da, baina berriro ari gara munduari mugak ixten. Katastrofea da hau. Espero dut film honek laguntzea jendeari pentsatzen Europa ez dela mundutik babestuta dagoen leku bat, baizik eta mundua bera dela gure lekua».