INFO

Katalunian jasotako «irakasgai ederra» nabarmendu du Udalbiltzak

Udalbiltzako 100 hautetsi Katalunian izan ziren igandeko erreferendumean nazioarteko gonbidatu gisa. Egun hauetan bizitako Euskal Herriarentzako «irakasgai ederra» izan dela nabarmendu dute eta, zentzu honetan, antolakuntza eta «norberaren ideologiaren gainetik herri logika ipintzean herritarrak garaile direla» azpimarratu dute.

Katalunian bizitakoaren inguruan jasotako ondorioak plazaratu ditu Udalbiltzak. (Udalbiltza)

Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) gonbidatuta, Udalbiltzako 100 hautetsi izan ziren asteburuan Katalunian. Bi egun «intentso, bizi, aberasgarri eta eredugarriak» bizi izan dituztela aipatu dute gaur egindako agerraldian.

Zentzu honetan, herritarrek erakutsitako jarrera goraipatu dute. «Estatu baten inposizio, biolentzia eta humiliazio saioaren aurrean norbanakoak ikusi ditugu, taldeak, eragileak, erakundeak, zinegotzi eta alkateak. Pertsonak ikusi ditugu adore handiz». Espainiar Estatuak bozkatzeko eskubideari porraz eta gomazko piloten bitartez erantzun izana kritikatu du.

Honen aurrean Kataluniako herritarrak zoriondu ditu Udalbiltzak, «bozkatzera joan zirenak eta joan ez zirenak», inolako istilurik ez sortu eta izandako portaeragatik. «Herri bat da kataluniarra. Ez dugu herritarrenarteko amildegirik sumatu».

Aldiz, «herri antolatu bat» ikusi dutela azpimarratu dute. Bide honetan, Junts pel Si edo CUPekoak, baita kolore politiko jakin gabekoak elkarrekin lanean aritzearen balioa nabarmendu dute. «Erakutsi dute norberaren ideologiaren gainetik herri logika ipintzen denean herritarrak direla garaile».

Hautetsien jarrera ere ez dute ahaztu nahi izan. «Herritarrekin batera, ahalegin berean, alde pertsonala alde batera utzi eta herrien zerbitzuan» aritu direla helarazi nahi izan du Udalbiltzak.

Honek guztiak «irakasgai ederra» suposatu du Euskal Herriko hautetsientzat eta Udalbiltzak «EAE zein Nafarroako gobernuei, goi agintariei, alderdietako buruei, kolore guztietako herritarrei, zinegotzi eta aklateei» dei egin die «herri logikarekin» lan egin dezaten. «Herri antolatu eta batu bat lotzeko, Katalunian bezala Euskal Herrian, ezinezkoa ekinez egiteko».